Duela urte bete, Napoleonen gerrateko Abuztuaren 31ko suntsiketa dela eta, egun Donostiako kultur zinegotzia den Gasko jaunak Udalaren webean “Donostia Sutan” elkarteak 1813ko gertakariez argitaratutakoaz mozioa aurkeztu zuen. Haren aburuz, “Zenbait historialari eta akademikok, salatu du manipulazio lerratia eta kalitate akademiko gutxikoa dela Donostia Sutan-ek 1813ko suntsiketaren gainean” kaleratutakoa. Bere aburuz, “Adierazpen askatasunak ez du esanahi zorroztasun historikorik eta gertutakoaren kontaketa benetako eta dokumentuz egiaztatutakorik izan behar ez denik, interpretazio politiko alderdikoi eta oinarri akademikorik gabekoak alde batera utzita. Hori dela eta, guk uste dugu gutxieneko kalitate eta zorroztasun zientifiko bat izan behar litzatekeela Donostiako Udala bezalako erakunde baten webean adierazpenak eta edukiak argitaratu ahal izateko”.
1813ko Wellingtonen garaipen militarrak ospatzeko sortu zuen (enkarguz) Beethovenek bere “Opus 91”. Urte berean estreinatu zuen Vienan 7. sinfoniarekin batera, nahiz eta 1816an birmoldatu eta Londresen Ingalaterrako erregeari eskaini zion. Sinfonia baino askoz ezagunago bihurtu zen militarren aldeko konposizio hura eta, azkenean, Beethovenek berak deitoratu zuen “lelokeria hutsa” izan zela arrapostuz. Aurretik ere antzerako iritzi aldaketa izan zuen musikariak zeren 3. Sinfonia, hastapenetan, Napoleonen gorazarrez idatzi bazuen ere hark bere burua enperadoretzat hartu zuenean, korsikarraren izena erabateko haserrealdiaz partituraz kanpo utzi zuen.
Hara Wellingtonen nola Napoleonen omenaldiak izan dira historian nahiz artean gurengana arrakastaz iritsikoak. Haien guda inperialistek eragindako sarraskiak, ordea, isilduak izan dira. Ez dugu, demagun, “Donostia Sutan” izeneko sinfonia edo historia alternatiborik eta, hura egin beharra aldarrikatu denean, jakina, “interpretazio politiko alderdikoi eta oinarri akademikorik gabekoak… gutxieneko kalitate eta zorroztasun zientifiko” ekarpen bihurtzen dute, tokian-tokiko ikuspegi motza, nonbait.
Aitzitik, giro haren unibertsaltasuna nabarmendu nahi dut nik, baina beste ikusmiratik, galtzaileen begietatik, alegia.
Napoleonek, Iraultza frantsesaren mezua antzutu zelarik, bere inperioa eratu zuen, eta, haren politikaren ondorioz, nazionalismoak sustatu zituen Europa berri bat sortuz. Gerra napoleondarrak izan ziren herrien independentziaren abiapuntua.
Beethovenengan islatzen dira orduko kontraesanak. Musikaria, hastapenean Napoleonen alde jarri zen eta, berehala, Napoleonen aurka.
Gasko jaunak uste duenaren kontra, arteak, musikak edo literaturak behin betiko finkatutako bertsioen kosmopaletismoari aurre egiteko balio du. Garailearen irudia argiztatzeko beharrean gertaeren beste ertzei erreparatu ahal izateko, hain zuzen. Napoleonen gerrateko garaikoak dira kulturgileak boteretsuen mendeko artisau izatetik artista izatera pasatzea, eta, horrekin batera, lehen intelektualak plazaratzea.
Intelektualen eta artisten izaera horri heldu behar diogu berriro orain ere gogoetaz eta iradokizunez kultura inoiz baino menperatuago dagoen sasoi hauetan. Iraganaren berri ez ezik, iragan horrek gureengan utzi duen arrastoari kasu eginez. Donostian abuztua erail zutelako eta horri buruz hausnartzea ez dagokigulako donostiarroi soilik.
www.fitorodriguez.eus