Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Amesteaz

Konstatazio neurologiko nahiko agerikoa da istorio bat entzuten denean, pelikula bat ikusten delarik eta, batez ere, irakurtzen dugunean, lotan ametsetarako erabiltzen diren sare neuronalen multzo berberak martxan jartzen direla, baina, aldiz, aipatu ditudan jarduera horiek (istorioa entzutea, filma ikustea edota irakurtzea) gizakiok esna gaudenean egiten ditugu. Hau da, kasu horietan «amestu egiten dugu esna gaudelarik».

Hala eta guztiz ere, irakurketak ulertzea, sentitzea, partekatzea eta esperimentatzea biltzen ditu, ez da testu bat deskodetzea bakarrik. Zentzu horretan, esan daiteke irakurketak gure garuna sakonki aldatzen duela dimentsio guztietan: intelektualean, emozionalean eta sozialean. Baina, gainera, irakurketak, beste edozein hedabidek ez bezala, pertsonaien psikean sakontzeko aukera ematen digu. Adibidez, "Arrosaren izena" filma ikusten badut, ez dut Guillermo Baskervillekoarengan pentsamenduen konplexutasunerako sarbiderik baina, aldiz, nobela irakurtzen dudanean, hitzez hitz sar naiteke haren buruan eta uler dezaket haren pentsamenduen gatazkak eta ekintzen barne-funtzionamendua. Are hobeto, esperimentatu ditzaket hori dena.

Liburuaren nazioarteko egunean gutxi irakurtzen dela errepikatzen da, baina garrantzitsuena, niretzat behintzat, amets gutxi egiten dela izaten da. Etorkizuna amesteko gaitasuna delako adimenaren oinarria.

Kontua da ulertzen hasiak garela daukagun adimenaren kontzeptua partzialki zuzena dela soilik. Uste dugu norbait azkarra dela funtsezko gauzak jakiten baditu, baina hori ez da adimenaren funtsa. Adimenaren oinarria etorkizuna ikusi ahal izatea baita. Existitzen ez den etorkizun baten sorrera sustatzea, hain zuzen ere.

Segi dezagun amets egiten. Lotan eta, batik bat, esna gaudenean.

Recherche