Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

«Hik Hasi» eta guk hiri jarraitu

"Hik Hasi" aldizkaria sortu genuenean, joko horretan dena galduko genuelakoan zen uste zabalduena baina, Joxemari hor zegoen... giza faktorea!, eta gure egitasmoak irabazi zuen, eta hemen dago orain, bizirik bezain kementsu, orduko helburuari begira lanean.

Guk euskal irakaskuntza munduan lanean hasi ginenean Hego Euskal Herrian hiru sare zeuden funtzionamenduan. Frankismotik zetozen eskola nazionalak, indar handia zuten zentro erlijiosoak, eta herritarren ahaleginez sortu zen ikastolen sarea. Arraroa egiten zitzaien hirutasun hura espainiar Estatuaren arabera bitasunean ohituta zeudenei eta 1993an, ikastolen existentziak sortzen zuen ustezko irregulartasuna konpontzeko eta arautzeko, Buesa sozialistak (EAJren baimenaz), indarrean jarri zituen Euskal Eskola Publikoaren bi lege. Ikastolen mundua bitan zatitzea lortu zuten. Horrekin batera zetorren asmoa hezkuntzaren eredu nazional euskaldun eta publiko berri baten bideari ixtea izan zen.

Horri aurre egiteko azkar ibili ginen eta Xangorin izeneko Elkartea sortu genuen, denboraren poderioz kooperatiba bilakatu zena, euskal heziketaren oinarrietan sakontzeko, helburu horrekin bat zetozen praktika onak zabaltzeko eta, ahalegin horretan, garai hartan existitzen ez zen hedabide pedagogiko erreferentziala sustatzeko: "Hik Hasi" aldizkaria.

Xangorin hitza Agosti Xaho atarratzearrari, igarle, sozialista, mitogile edo abertzaleen aitzindariari hartu genion. Xahok liberal espainolen kontrako argudioak azaldu zituen, karlisten alde lerratu zen errepublikanoa izanik eta «zazpiak bat» leloa sortu zuen. Independentismoaren aurrendaria ere izan zen.

Xangorin orduan hezkuntza arloan etorri zen egoera berrian gure aurreko eredu nazional euskaldun eta publiko berri baten alde aritu ahal izateko abiapuntua izan zen baina jardun horretan, zango arinez, benetan, Joxemari Auzmendi ibili zen.

Askotan esan ohi da euskaldun guztiok, berez, politikoki eta historikoki, nafarrak garela baina Joxemari nafarra zen, Azkaratekoa hain zuzen ere, eta gaztetan, Legazpira bizitzera aldatu zenean, bertako futbol taldea kategoriaz igotzeko behar zuen gola hark sartu zuen. Zango arina, inondik inora!

Eta golegilea! Izan ere, "Hik Hasi" aldizkaria sortu genuenean, joko horretan dena galduko genuelakoan zen uste zabalduena baina, Joxemari hor zegoen... giza faktorea!, eta gure egitasmoak irabazi zuen, eta hemen dago orain, bizirik bezain kementsu, orduko helburuari begira lanean.

Joxemari, honek elegia beharko luke izan baina, badakik, elegia euskaraz, hilkexa edo hilotsa litzateke eta, egia esanda, gu hire bidaide izanagatik ez gaituk ez kexaz eta lotsaz ere, aitzitik, harro gaudek oso. Eta hi bizirik hago, "Hik Hasi" egitasmoan eta gugan.

Recherche