Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Jerusalem, Xalimen Hiria

2008an, Palestinan ibili ondoren, "triusque Vasconiaek argitaratu zidan goian erabili dudan izenburu bereko liburua da (2010an Iralkak gazteleraz kaleratua). Hartan kontatzen nuen Jerusalemgo oraingo agintariek, israeldarrak, Jerusalem izendapena David errege juduak ezarri zuela diotela haren hizkuntzan Shalem (Bake) tokia deitzeko. Palestinarrek, aldiz, Al Quds deitzen diote (Santua) eta beren hiriburua dela, edo izango dela diotela. Egiptiar kronika zaharretan (K.a. 1850ean), berriz, Jerusalemen aurrekaria den Hurushalimu izeneko herria agertzen da, Xalimek sorturiko hiria omen dena, eta aipatu Xalim hura, berriz, orduko Venus jainkosa odoltsu bezain ankerra besterik ez zela.

Liburua, aldiz, horrela hasten zen:

Andereñoa: Herritartasuna da oraingo ikasgaia, beraz, ez gara erlijioaz arituko…
Joxe: Eta zergatik mintzatu beharra dago Jerusalemi buruz, orduan?
Andereñoa: Jerusalemen gerran daudelako.
Joxe: Gerra hura urrutiegi dago, ordea
Andereñoa: Urruneko liskar horrek baldintzatzen du bai egun munduan dauden gerrate oro baita orain arte izan diren gehienak ere…
Joxe: Zergatik?
Andereñoa: Haatik.
Joxe: Horixe arrazoia!
Andereñoa: Arrazoirik ezaren kondaira baita gaur kontatu nahi dudana. Ustez, Bakearen hiria zena nola odola nahiz oinazeren hirigune bilakatu zen. Hiritartasuna irakasteko, bada, funtsezkoa. Beraz, zer dakizue Jerusalemi buruz ?
Joxe: Israelen dagoela.
Josu: Ez, Palestinan !
Andereñoa: Ongi, gehiago…
Joxe: Israeleko hiriburua dela.
Andereñoa: Gaizki !
Joxe: Palestinakoa, beraz…
Andereñoa: Ez bata eta ez bestea…
Miren: Andereño… non dago eta nongo hiriburua da Jerusalem?
 A- Batzuek beren hiriburua dela diote baina, ofizialki, ezin esan inongoa denik, eta kokapenaz…batzuek Israelen dagoela diote eta besteek Palestinan. Egia esanda, banatuta dago.
 B- Zer, horri buruzko iritzia?
 A- Irizpidea eta ezarpen fisikoa ere.
MIREN: Hiria erdibiturik al dago?
 A- Bai, hura eta inguru osoa harresi handiaz banatu dituzte barruti desberdinetan.
 B- Aspaldidanik baditu Jerusalemek harresiak!
 A- Jakina, hamaika ate dituenak, baina nik harresi berriaz ari naiz. Oraindik eraikitzen ari diren hormaz…
 C- Eta zertarako ari dira egiten pareta bereizgarri haiek?
 A- Iritzi desberdinak dauzkatenak bereizteko, hain zuzen…

Liburuak, handik aurrera segitzen du, noski. Iritzien banaketa eta gerra ere bai, jakina.

Herritartasunean eta bizikidetzan, berriz, ez nahikoan finkatuta gaudela dirudi.

Recherche