Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Peruko guardia zibila

Lituma, Mario Vargas Llosak "Lituma Andeetan" ("Lituma en los Andes") eleberrian asmatutako Peruko guardia zibila da. Heroi moderno baten antzera, Palomino Moleroren izeneko gizon baten heriotza ikertzeko bere egitekoak bete egiten zituen horrek ekar ziezaiokeenari erreparatu gabe eta betiere bukaeraraino iritsi nahi zuen gauza guztien gainetik.

Pertsonaia ederki azalduta dago, irakurleak Mario Vargas Llosak haren apologia ere egiten duela pentsa lezake. Guardia Zibilaren gorazarrea burutu nahi duela, hain zuen. Nobela honekin eskuratu zuen Vargas Llosak Planeta saria.

Irakurleak, edo ikus-entzunezko gure gizarte honetan ikusleak, hori egiten du berez: pentsatzea; edota beste moduz adierazia: argitara emandako testuak (hitzez nahiz irudiz osatutakoa) zer esan nahi duen argitu, alegia.

Idatzi ondoren, beharbada behin argitaratu eta gero esan beharko genuke, irakurlearena idazlearena bezain bestekoa baita idatzitakoa.

Philippe Lejeunek formulatu zuen kulturaren kritikoek ohikotzat izan duten axioma hura: «Irakurlearen betebeharra eta eskubidea da, neurri berean, testuaren esanahiaz jabetzea» ("Moi aussi", Seuil. 1986)... Hots, gizarte espektakuluari dagozkion gertaeretan ez da egia bilatu behar, gertaeren esangura bazik. Gertakizun bakoitzak zer adierazi nahi duen da hain justu irakurleriaren betebeharra.

Irakurle eta gizarte espektakulu honen ikusle gisa, beraz, eskubide eta betebeharra dauzkat gaurko honetan Mario Vargas Llosaren esanahia azaltzeko nire ikuspuntutik.

Hau da niretzat, bada, hil ondoren Mario Vargas Llosaren ekarpenak esan nahi duena. Aldez aurretik, argi eta garbi gera dadila, Mario Vargas Llosaren jarrera antiezkertiar bortitzak eta Kubaren edo komunismoaren aurkako haren engaiamendu nabarmenek ez nautela honetara behartzen. Norberak bere ideia politikoei sostengua emateaz gain, gainerakoenak ere kritikatzeko zilegitasun osoa duela ez dago berresan beharrik.

Aldiz, Mario Vargas Llosa hil ondoren honakoa adierazi nahiko nuke bera gizarte pertsonaia den abiapuntutik.

Nabarmena izan da egungo Mundu krisialdian Vargas Llosaren posizionamendua Ameriketako Estatu Batuen politika genozidaren alde. Halaber, ikusgarria izan da haren ultraliberalismo ekonomikoaren defentsa edozein eta edonongo aldarrikapen herritarren aurka. Eta arrasto honetara, enetzat behintzat, erabat salagarria behar du izan haren arrazismo agerikoa politikaz eta idazterakoan egin duen edozein hautuetan.

Bere Oroitzapenetan kontatzen zuenez ("El pez en el agua", Seix Barral. 1993) Mario txikiak International Petroleum Companyk bere aitonari utzitako etxean pasa zuen haurtzaroa. Aipatu enpresaren izenak, hemen oso ezaguna ez izan arren, AEBetako Watergate edo Espainiako GAL aferen adinako pisua du Peruko iritzi publikoan. Hari buruzko inolako azalpenik eman nahi gabe oharkabe botatzen du, ordea, autobiografia honi darion xenofobia alboraezinekoa agerian uzten. "El pez en el agua" horretan, Mario Vargas Llosaren gainerako liburuetan bezala, txoloa (Peruko indigenak), serranoak (mendietakoak) edo Limako jende printzipala ez den oro gutxietsia izan da (ikus "Vargas Llosa, tal cual". Herbert Morote. Premio Ciudad de Irun 1997).

Ez hori bakarrik, Vargas Llosak bere begi-bistako arrazismoa zuritu beharrean, aldarrikatu eta teorizatu egiten du lotsagabeki. Hauek, haren hitzok:

«Es un grave error cuando se habla de perjuicio racial y de perjuicio social, creer que éstos se ejercen solo de arriba hacia abajo; paralelo al desprecio que manifiesta el blanco al cholo, al indio y al negro, existe el rencor del cholo al blanco...». ("El pez en el agua", 3. or).

(«Arraza eta gizarte kalteez hitz egiten denean, hanka sartze larria da pentsatzea hori goitik behera soilik jazotzen dela; zuriak txoloarekiko, indiarrarekiko edo beltzarekiko mespretxuarekin batera gertatzen da txoloak zuriarekiko...»).

Hau da, torturatuak torturatzailea gorroto egiten duela, eta apartheid-a pairatzen duenak lege hura sostengatzen duena mespretxatzen omen duela gogoratzeko premia omen zuen berak eta, ostera, ez zuen ikusten gorroto eta mespretxu haiek berezkoak ez direla eragindakoak baizik.

Berarentzat, nonbait, zapaldutakoen gorrotoak ez dira bidezkoak, eta kito.

Th. Hobbesek "Hiritarra" izeneko saikera idatzi zuenean (1642an) gure zibilizazioan ohorea boterearekin batera doala zioen. Hau da, boteredun ez denari ez omen zaio ohorea aitortzen. Ez zaiola kasu egiten zioskun.

Vargas Llosak, nonbait, mota honetako kultura zibila ulertu eta defendatu du.

Niri zaila egin zait beti guardia zibila bezalako esapidearen contradictio in terminis ulertzea. Alegia, guardia nola izan daitekeen, era berean, militarra eta zibila batera.

Mario Vargas Llosari, berriz, hori ebasteko trebezia onartu behar zaio, hiritar soila izanik Poliziaren balioak bereganatzen eta iragartzen jakin izan duelako.

Peruko guardia zibila izan da eta, halere, bere bukaeran, ez da Perukoa soilik izan. Espainiar nazionalitatea lortu zuen, Gazteleraren Errege Akademian besaulkia eman zioten, Nobel eta Cervantes Literatur Sariaren jabe ere bihurtu zen baita Frantziako Akademiako kidea ere... eta, ez ahaztu, Donostiako Zinemaldiko epaimahaiburu ere izan zen.

Azken hauxe zela-eta berari buruzko artikulu bat idatzi nuen "Berria"-n (2004ko irailaren zazpian) hura irakurri ondoren pentsatzen nuelako, eta oraindik hala uste dut, bere balio literarioak gutxi direla ikuskizun gizarte honetan erakutsi dituen supremazismo-balioekiko, eta azken horiek direla, eta ez idazle gisa dituen dohainak, erreferente kultural bihurtu dutenak, hau da, kultura «nagusi»-ren kutun bihurtu zutenak.

Ezaguna da Borgesi Garcia Marquezen literatura irakurri ote zuen galdetu ziotenean "Cien años de soledad" gure sasoiko eta garai guztietako liburu handienetako bat dela esanez baietz erantzun zuela, baina Vargas Llosari buruz galdetu ziotenean, «ez dut ezagutzen» esan zuela.

Eta mundu guztiak daki Jorge Luis Borges erreferentzia literarioa dela eta, aldi berean, politikan erabat kontserbadorea ere bazela.

Heriotzak denok berdintzen gaituela diote. Nik ezetz uste dut.

Recherche