Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Zoroen egun zoroa

Dirudienez Erdi Aroan jai bat ospatu ohi zen, «Eroen Eguna» deiturikoa, zeinean edozer gauza egin zitekeen inolako ondoriorik gabe. Hortik omen dator «April's Fools» edo «Inuzenteen Eguna» deritzana. Logikoki, aipatu festa hura apirilean ospatzen da mundu ia anglosaxoi osoan eta Europako beste hainbat kulturetan. Hala ere, Eliza katolikoak izen hori bera erabiltzen du Herodes erregeak Nazareteko Jesus jaioberria akabatu nahi izan zuen eguna aldarrikatzeko, baita gogoratzeko, horretarako, bere erresuman jaiotako haur guztiak ere hiltzen saiatu zela, eta ez da txantxa...

Itun Berrian eraildako haur horiek guztiak Santu Errugabetzat (Inozenteak) jotzen dituzte eta, beraz, abenduaren 28an ospatzen dena haur haien heriotzaren eguna izango litzateke, batere barregarria ez izan arren.

Hortxe dugu, bada, erlijioaren beste misterio bat, beste bat gehiago, horren gertaera penagarria txantxa guztiak onarturik dauden egunerako oinarritzat erabiltzea eta txunga horiek etsipenez hartu beharra gogoko ez dutenek ere. Badirudi Inozenteen Eguneko inuzenteen olgetaren bat beti dela barregarria.

Adibidez, 1940an, Filadelfiako Franklin Institutuko Zientzia Museoak bere bozeramaile William Castellinik prentsa-ohar beldurgarri bat igorri zuen, honako hau zioena:

«Mundua amaitzearen beldur txarrenak Filadelfiako Franklin Institutuko astronomoek berretsi egin berri dituzte. Beraz, zientzialariek iragartzen dute mundua bihar amaituko dela arratsaldeko hiruretan, ekialdeko ordu estandarrean. Hau ez da Inozenteen Eguneko txantxa bat».

Promozio arraro bat baino ez zen izan hori dena apokalipsi kosmikoei buruzko Institutuaren  hurrengo programa sustatzeko, baina lehenik, Filadelfia osoan izu masiboa zabaldu zen, larrialdiko telefonoak gainezka egon ziren eta, azkenik, Castellini bera kaleratu egin zuten.

Ni ez naute kaleratu zutabe honetatik, oraingoz behintzat, baina aipatu humore horren antipodetan nagoenez Antipodetara joango naiz misterio hori argitzera. Ez da txantxa.
Zorotzat ez hartu, arren.

Hurren arte, beraz.

Recherche