Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Argitzeko

Urtearen amaiera datorrela-eta bilana egiten hasita, hainbat auzi daukat jasota argitu beharrekoen zerrendan. Aspaldi argitutzat neuzkan beste batzuk horra pasatu beharko nituzke akaso. «Euskal herritar» terminoari buruzkoa da nagusietako bat. Kontzeptu pare bat adieraz dezake. Euskal nazioa osatzen duten indibiduoei buruzkoa da bat eta, Argalari jarraiki, Euskal Herrian lan eta bizi den pertsona gisa definitzen du euskal herritarra. Bestea adiera juridikoa da, eta kontzeptu hutsa da: euskal estaturik ezean, ez da euskal herritarrik. Lehen zentzuan euskal herritarrak direnak espainiar edo frantziar herritarrak dira bigarrenean.

Horrekin batera, uste nuen argi zegoela euskal herritar gehienak, euskararen aldeko jarrera adierazten duten arren, ez direla euskaldunak, eta euskaldun direnak, zailtasunak dauzkatela euskaraz bizitzeko; argi zegoela zailtasun horietako batzuk kanpotik datozela −muga politiko-juridiko oso indartsuen forman, adibidez−, eta beste batzuk euskal herritarron hizkuntza kontzientzia ahularen ondorio direla −epelak dira, existitzen direnean, euskalduntze eta alfabetatze politika publikoak−.

Gure hizkuntzarekin batera, euskal kultura eta identitatea larrialdian daudela esaten ari dira batzuk. Eta ez zaie arrazoirik falta. Baina kontuak ez daude oso argi, gaitzen sorburu nagusitzat migratzaileak hartzen badira. Euskara irakasleak afrikar ikasleari B2 maila ukatzen dio, pilotariren izenik ez dakiela-eta, euskal kulturaren ezagutza falta zaiolako, antza. Hegoaldeko ia erakunde guztien estatistiketan etorkintzat Espainiatik kanpokoak hartzen dira soilik. Udalatx gainean gurutzetzar katolikoa ezarri nahi dute batzuek atzera. Larrialditik ateratzeko, argitu behar genuke euskal kulturaz ari garenean euskaraz «agur» eta «eskerrik asko» esango duten euskal herritar zuri fededun pilotazaleez ari garen. Eta euskalduntzeaz ari garenean, nonahi jaiotako euskararen erabiltzaile berri osoak sortzeaz ari garen, edo nahikoa zaigun hitz egin bai, baina euskaraz irakurri eta idatziko ez duten «arnasguneetako» alfabetatu gabeekin.

Recherche