Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Ez, hori ez

Israelgo Estatuak, inteligentzia zerbitzuak eta Armada elkarlanean jarrita, Hungariako lantegi batean milaka bonba ekoizten ditu, pertsona-bilagailuetan leherkari gramo batzuk eta detonagailu bana sartuta. Ez dakigu noiz eta nola, bilagailu-bonba horiek Hezbollahko kideen artean banatzea lortzen du eta irailaren 17an denak batera leherrarazten ditu Libanon eta Sirian. Eztandak supermerkatuetan, eskoletan, autobusetan, Irango enbaxadorearen egoitzan..., anbulantzien adar hotsa nagusi kaleetan. Hildakoak hamabi dira gutxienez. Tartean, beste behin, haur pare bat. Zaurituak, ia 3.000. Biharamunean, walkie-talkiek egiten dute eztanda eta, herri batzuetan, etxeetako eguzki-panelek. Hildakoak hogei dira, zaurituak ia bostehun, Libanon. Ikaratuak, milioika. Ekialde Hurbilean eta mundu osoan. Lehergailu bihur ditzake Israelek gure tramankulu elektroniko guztiak?

Ez da denbora asko pasako Hollywoodek izu-ikara ekintza erraldoi hauek zuritzen eta edertzen dituenerako. Inoiz jakingo dugu, beharbada, zein estatuk kolaboratu duen tresna hiltzaile horien prestaketa-lanetan. Jakingo dugu, agian, Europako inteligentzia zerbitzuak tontoak diren erabat edo, beste behin, AEBetakoen mende lan egin duten. Azken horien kolaborazioa inor gutxik jartzen du zalantzan.

Nazioarteko legeria eta justiziaren ikuspegitik kontu argia da; baita pertsona normal ororen ikuspegitik ere. Estatu batek eraso masiboa egin du beste bi Estaturen lurraldeetan, heriotza eta izua zabaltzeko asmoz. Jopuntuan Hezbollahko kideak jarri baditu ere, banaka bereizi gabe eraso ditu; modu indiskriminatuan herritar guztien artean ikara zabaldu. Eta, Ekialde Hurbilekoak ez ezik, mundu osoko herritarrak izutu gaitu. Gerra-krimena baino, estatu-terrorismoa da; gizateriaren kontrako eraso argia; Israelgo Estatuarena eta bere kolaboratzaileena. Aldebakarreko gerra totalaren atarikoa.

Baina ez, oker nago. Hori ez da terrorismoa. Hori norberaren defentsa-eskubide legitimoa erabiltzea da. Eta ni, ni aritmetikaren osotasun ezaren teoremak frogatu zituen Vienako logikaria naiz. Bai, horixe.

Recherche