Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Hamaika euskal abizen

Pinochetek bigarrena «Ugarte» zuela edo emaztearena «Hiriart» zela entzuten dugunean, hitz beste egitea izan liteke gure aukera itxuroso bakarra.

Espainiako film batek titulura eraman baino lehenagotik ere, gure belaunaldian behintzat estimu handian izan ditugu abizenak. Zortzi behintzat askok ikasten genituen buruz; aitona-amonen oroitzapenik ez zuenak gogoan gordetzen zuen horrela haien deituraren berri. Eta deituraren bidez, jatorriaren aztarnarena ere bai: Urrestillakoa behar du hark, eta Ataungoa beste hark. Lurralde zabalagoetara eramaten gintuzten abizen arrotzek; baina gure garaian, gure inguruan behinik behin, harrotasun pittin batekin ere bizi genuen trenak ekarritako langile gaztelauaren odola eta izena partekatu, eta, horrela, Rh-aren eta zortzi euskal abizenen test jeltzaleetan huts egitea. Paredes Manotenak ere lagunduko zigun horretan.

Baina, kanpoan gabiltzala bereziki, ezin dugu saihestu bat-bateko erreakzio emozional ergel bat euskal izena aditu orduko. Ez nik behintzat. Buenos Airesen nenbilela, nonahi ikusten nuen «Aguirre» edo «Garmendia», «Alcorta» edo «Larrazabal», «Alberdi» edo «Larreta», eta argentinar adiskideei sasi-azalpen sasi-etimologikoak ematen nizkien etenik gabe –eta haiek, koitaduek, ezer esan ez–. Herri txikia da gurea, eta poxa ematen bide digu munduan zehar bere arrastoa atzemateak.

Batzuetan atzera egin besterik ez dugu, hala ere. Pinochetek bigarrena «Ugarte» zuela edo emaztearena «Hiriart» zela entzuten dugunean, hitz beste egitea izan liteke gure aukera itxuroso bakarra. Edo Urdanetak eta Elkanok, eta haiekin batera ibilitako fraide, militar eta marinelek, egindako konkista, hilketa eta lapurretak aitatzen dizkigutenean, gertaera historikoak beren testuinguruan ebaluatzearen garrantzia aldarrikatzea. Baina duten izena izanda, «gutarrak» direla ezin uka.

Ordizia, XXI. mendea. Elektrizistari seme gazteak zabaldu dio atea. «Ze ondo hitz egiten duzun euskaraz!» harritu zaio gizona. «Eta zergatik ez dut ba ondo hitz egingo?» erantzun Danelek, are harrituago. Ikasi du, euskal abizenak hamaika izanda ere, etxean arrotz egiten duela larruazal zuria ez izateak.

Recherche