Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Kretako Pernandoren egiak

Epimenides Kretakoari aitortu ohi zaio «gezurtiaren paradoxa» gisa ezagutzen dugunaren lehen formulazioa. Bertsio sinple bat erabilita, honela adieraz daiteke: batek «esaten ari naizena gezurra da» esaten badizue, nola erabakiko duzue egia esan duen ala ez? Zintzo ari dela uste baduzue, gezurretan ari dela ondorioztatu beharko duzue; gezurretan ari bada, berriz, esaten duena egiazkoa dela. Esaldi bakarrarekin ari ote da aldi berean egiati eta gezurti?

Gezurtiaren paradoxak toki berezia dauka baieztapen auto-ezeztatzaile edo auto-errefutatzaileen artean, baina bistan da ez dela bakarra. «Ez nago bizirik» dioenak nekez esango luke hori, hilik balego. Alderantziz ere gertatzen da: badira baieztapen auto-egiaztatzaileak, esateak berak egiaztatzen dituenak. «Bizirik nago» dioenak, adibidez, ez du zertan erakutsi esaldi horren egiaren frogarik; «ni hemen nago» dioenak beti esango du egia, nahiz egon zitekeen beste nonbait. Pernandoren egiaren modukoak dira esaldi auto-egiaztatzaile horiek. «Pernandoren gezur» esan geniezaioke auto-ezeztatu edo, gutxienez, auto-kuestionatzen den beste esaldi klase horri.

Pernandoren gezur saldoa entzuten ari gara azken aldian komunikabideetan, inoiz itzal luzea izan duen zenbait gizon txuri burusoildu edo buruzuriren ahotik. «Ezin da ezer esan politikoki zuzena denaren esparrutik kanpo» diote, esaldi hori bera esparru horretatik kanpo dagoela nabarmena denean. Telebistako prime time saioan salatzen dute «inon ez dago nirea bezalako iritzientzako tokirik». Berripaper arrakastatsuenean diote «niretzat ez dago adierazpen askatasunik; kantzelatu egin naute». Ez dira ohartzen, agian, esandako hitzek, eta noiz eta non esaten dituzten, gezurtatu egiten dutela esaten dutena. Ez dira ohartzen ez haiek, ez haiekin bat datozen ikus-entzule-irakurle ugariak. Pernandoren gezurrak erraz uzten ditugu pasatzen, Kretatik kanpo ere.

Recherche