Abenduan atera zuten diskoa, baina diskoak entzuleak deskubritzen dituenean dira izatez 'berriak', ez soilik argitaratzen diren unean. Sei kantuko bilduma da laukote ainhiztar-monjolostarrarena (Bilau dute izena). Bare-bare hasi eta apurka-apurka intentsitatea hartzen duten sei kantu. Folketik zerbait dutela esan liteke, slowcorea gogora ekar lezakete, baina etiketetatik harago, sinpletasuna dotorezia handiz mamitzen duen taldea da Bilau.