Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Gerra eta galderak

Kosta egin zaio loak hartzea, erakutsi dizkieten irudi batzuk iltzatuta geratu zaizkio nonbait eta jada sarritan trakesten zaion lotarako patxada erabat aldrebestu. Amak ere ez du jakin lasaigarri izango zaizkion hitzak bilatzen. Nola azaldu, izan ere, zer den gerra? 88 bete ziren astelehenean, italiar faxistek Durango, Abadiño eta Elorrio bonbardatu zituztenetik, eta orduko irudiak erakutsi dizkiete eskolan, denboran urrun baina distantzian hain gertu izan ziren gertaerak ezagut ditzaten. Etxean kontatu izan diogu bere birramona ozta-ozta salbatu zela bonbardaketa hartatik eta bere burua salbu ikusi zuenean korrika hartu zuela etxerako bidea, gerora, ihesi, atzean utzi eta betirako galdu zuen hura; baina orain irudi horietan kokatu dute eta sentsazioa, antza, bestelakoa izan da.

Orain bi aste pasatxo Mañariko frontoiaren atarian hainbat argazki topatu genituen, guztiak emakumeenak. “Atearen ostean, Mañariko 13 alabak” izena du eta bertan zerrendatuta daude 1937ko uztailean atxilotu eta kartzelan sartu zituzten herriko 13 emakumeak. Frankismoak matxinada delitua egotzi zien eta kartzelatu egin zituen. Omenaldi itxura duen erakusketak Gerra Zibilean eta ondorengo urteetan emakumeek egindako lana, inoiz aitortu gabea, erakutsi nahi du. Argazki haiek ere makina bat galdera sortu zizkiguten etxera bueltan eta gerrari buruz ez ezik, aitortzarik ez duten zereginei buruz aritzeko aitzakia izan genuen, baina ideia eta beldur batzuk iltzatuta geratu zitzaizkigun ilunabar hartan ere.

Arazoa ez da atzekoei begirada botatzea, herri hau ulertzeko gako asko ematen ditu eta. Zailagoa da haiei erreparatzea, eguna joan eta eguna etorri gerra irudiak ikusten jarraitzen dugun honetan eta, batez ere, azalpen lasaigarriak bilatzea. Umeek joera dute berriak zaizkien informazioen aurrean horiek ulertzeko gakoak bilatzeko; horretan trebatzen saiatzen gara, baina krudeltasun maila hori nola ulertu? Zer esan beldurtu ez daitezen baina, aldi berean, halako errealitateen aurrean erabateko hoztasuna eta urruntasuna izaten irakats ez diezaiegun?

Recherche