Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Irakaspenak

Urte hasieran erositako agendak izkinak urratuta ditu dagoeneko, saihetsek galdu dute zuria eta jada mahai gainean hasi da hurrengo urtekoarekin espazioa konpartitzen. Laneko kontu, mediku zitak eta bestelakoak pilatzen joan da eta laster erretiroa hartu eta lekua partekatu du liburu eta aurreko urteetako agenden artean, nolabait urte guztian batetik bestera eraman eta galdu gabe kontserbatu dugun liburuxka hau gure bizitzaren edota bizimoduaren hemeroteka ere bai baita. Urte horretako eztiak gogoratzen laguntzen digu. Baina aldi berean, urteak joan eta urteak etorri, gauza handirik ez dugula ikasten konturatzeko balio du, lanen gainkarga ekiditen ez dugula ikasi ohartzeko, pilatu zaizkigula berriz eta atzean utzi nahi genituen joeretako asko ez ditugula utzi aurpegiratzeko.

Maila pertsonalean ez ezik, gizarte gisara ere irakaspen asko ez ditugula behar beste jaso uste dut. Urte askotxo pasatu dira orrialde hauetan bertan adituek Gabonetako iragarkietan atzeman zen sexismoa mahaiaren gainean jarri eta horiek hobetzeko gomendioekin erreportaje zabala argitaratu nuenetik. Kolore, mugimendu zein irudietan zeuden aldeak nabarmentzen zituzten, eta mezu horiek haurren etorkizuneko niak irudikatzeko zuten garrantziaz ohartarazi. Gogoan dut hitz haiek zeinen desberdin ikusarazi zizkidaten telebistako iragarki zein jostailu dendetatik etorritako liburuxkak.

Ordutik, makina bat alditan irakurri ditut ohartarazpen eta gomendio berdintsuak han eta hemen. Haiek ez dira gehiegi aldatu, iragarkiak ere ez tamalez. Egun hauetan, gainera, beste estutasun batekin begiratzen diet, eragin zuzena dutelako mezu horiek gure etxean Olentzerori idazten diogun gutunean eta haiengandik ihes egiten ez delako erraza. Bai, badira bestelako aukerak, baina nekezago iristen dira, bilatu eta ekarri egin behar dira. Gainera, batetik eta bestetik iristen diren mezuekin egin behar dute lehia, eta horretarako egin behar den lana ezin da sasoi honetara mugatu. Jaso behar da egin gabekoetan eta batez ere egin beharrekoetan.

Recherche