Maria  del Rio
Maria del Rio

Agur esateko eskubidea

Aldaketa ez da eutanasia zigortzeari uztea bakarrik, azpimarratzekoa da hiltzeko laguntza eskubide bihurtu dela.

Berriki Eutanasiaren Legea indarrean sartu da. Dudarik gabe, oinarrizko eskubideen aitorpenean aurrerapauso handia eta oso albiste lasaigarria, gure bizitzaren amaierari nola aurre egin erabakitzeko aukera ematen digu eta. Eztabaida urteetan luzatu da, tarteka banakako kasuek berpiztu egiten dutelarik. Bizipen pertsonalak eta pairatutako sufrimendua kontatzeko izandako ausardia erabakigarriak izan dira. Horretaz gain, hainbat lege norbanakoari autonomia gehiago aitortzen joan dira, esaterako, tratamendu medikoei uko egiteko aukera. Azkenik, funtsezkoa ere bada ingurune juridiko hurbilenean heriotza duinaren aldeko pausu garrantzitsuak ematen ari direla.

Aldaketa ez da eutanasia zigortzeari uztea bakarrik, azpimarratzekoa da hiltzeko laguntza eskubide bihurtu dela: bada, beraz, eska daitekeen osasun prestazioa. Osasungintzako profesional batek zuzenean gaixoari substantzia bat emanez gauzatuko da, edo profesionalak substantzia hori pazienteari preskribatuz, ondoren, berak har dezan. Hortaz, osasun sistemaren baitako ekintza medikoa izango da. Horrek esan nahi du, eskatutako betebeharrak betez gero, laguntza bermatuko dela berdintasun baldintzetan. Sorospena behar duen gaixoak ez du bere kabuz laguntza bilatzeko beharrik izango; horrelako une erabakigarria ez dadila diru edo kontaktu egokiak lortzearen menpe egon.

Dena den, badakigu ez dela gauza bera legea indarrean sartzea eta eskubidea erraz gauzatzeko aukera izatea. Kontuan izan behar da osasun sistema nahiko ahul dagoen une batean jarri beharko dela martxan. Egitekoak eta erronkak asko dira. Autonomia erkidegoek legearen garapena amaitu behar dute, herritarrentzako informazio kanpainak garatu, profesionalak formatu, kontzientzia eragozpenaren gaia kudeatu eta finantzaketa nahikoa eskaini. Era berean, beharrezko aldaketa kulturalak azkartu behar dira, esaterako, pazienteak une oro rol aktiboa izan behar du eta bere autonomia bermatu behar da, bere egoera zein den ondo ezagutu, baita dituen aukerak ere; bizitzaren bukaeran eta bizitza osoan zehar.

Recherche