Maria  del Rio
Maria del Rio

Bizilagunak

Udalerriko erroldan izena ematea betebeharra da, ez hautazkoa. Izan ere, erroldako datuak bizilekua udalerri horretan dugun froga dira, horko bizilagunak garela egiaztatzeko balio dute. Hortaz, udalek izapide hori errazteko ardura dute. Egia da gehienontzat tramite hutsa dela, baina batzuetan benetako traba da, bereziki etxerik gabeko pertsonentzat edo egoera irregularrean dauden migranteentzat. Areago; badira etxebizitza batean erroldatzen uzteagatik kobratzen duten sareak ere. Edozelan ere, araua beti bera da: ohiko bizilekua udalerrian duten atzerritarrak ere erroldan sartu behar dira. Berezitasun bakarra da egoitza iraunkorra izateko baimenik ez duten Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarren kasuan inskripzio hori bi urtean behin berritu behar dela. Faktore askok eragiten dute egoera honetan, baina bizitegi-krisiak, administrazio-hizkuntzaren iluntasunak, eta gure gizartean dagoen arrazakeria eta aporofobia erabakigarriak dira.

Ez da kontu hutsala; erroldatzeko ezintasunak oztopoak dakarzkie pertsonei osasunerako, hezkuntzarako eta prestazioetarako sarbidean, edo administrazio erregularizaziorako bidean. Azken batean, inplikazio larriak dakartza edozein pertsonaren egunerokoan, baita bere oinarrizko giza eskubideak egikaritzeko ere; finean, bizirauteko arazoak sortzen ditu. Hala ere, behar beste azpimarratu behar da erroldatzeak ez dakarrela berarekin eskubideen aitortza, eskubide horiek modu eraginkorrean erabili ahal izateko egiaztatzeko modua baino ez da. Adibidez, erroldaren arabera, haurrak zein eskolatara joan behar diren zehaztuko da, baina ez da izango errolda hezkuntzarako eskubidea aitortzen duena.

Premiazkoa da udalek gaiari heltzea; badira eredutzat har daitezkeen jardunbide egokiak, baina oinarria argia da; errolda benetan dagokiona izatera mugatu behar da. Udalerri bateko biztanleak zenbatzeko tresna baino gehiago izan behar da, politika publikoak planifikatzeko erreminta. Udal askok ez dute euren betebeharra betetzen, ez dute zinezko errolda bermatzen, gehienetan zenbat biztanle garen ere ez dakigu.

Recherche