Maria  del Rio
Maria del Rio

Herritarrengandik hurbilena

Toki administrazioa da herritarrengandik hurbilen dagoena, herritarrekiko interakziorik zuzenena eta ohikoena duen gobernu maila baita. Horrek abantaila ematen digu, testuinguruari egokitutako erabaki pertsonalizatuagoak hartzeko. Hau da, eremu bakoitzaren berezitasunetara egokituagoak, tokiko errealitatea sakonago ezagutzeko aukera ematen dutelako. Hurbiltasunak herritarren parte hartzea errazten du. Are gehiago, udalek berehalako bidea ematen dute gai publikoetan parte hartzeko. Azken batean, toki administrazioa funtsezkoa da herritarren beharrei eta interesei eraginkortasunez erantzuteko.

Baina askotan teoria ez da praktikan gauzatzen. Berezko abantaila den arren, urrats sendoak egin behar dira gaitasun hori bere ahalmen osoan aprobetxatzeko. Horregatik, beharrezkoa da ohikoak edo arruntak diren zenbait gairi arreta berezia eskaintzea, hala nola udalen webguneen kalitateari. Askotan herritarrak administrazioarekin harremanetan jartzeko lehen bidea dira, tramite ezberdinak egiteko tresna, baita informazio eta ustez gardentasun kanalak, interakziorako eta partaidetzarako espazioak eta herritarrengana hurbiltzeko moduak ere. Ezinbestekoa da webguneak irisgarriak eta erabilgarriak izatea.

Bestelako adibidea dira barrutiko zentroak eta horien erabilpenen aukerak. Espazio horiek elkargune eta erreferentzia gune izan beharko bailukete bizilagunentzat.

Bestalde, nola ez eman aurrekontu parte hartzaileei merezi duten garrantzia? Egia da ez dela tresna honen gaitasuna zalantzan jartzen, baliabideen esleipen eraginkorragoa lortzeko edo erabakien gardentasuna eta legitimitatea hobetzeko; baina orokorrean ez dute behar besteko pisurik, ez arretarik. Aipaturiko adibide guztiak, eta aipatu ahalko nituzkeen beste asko, administrazioaren parte hartzea, gardentasuna eta modernizazioa hobetzera bideratutako adibideak dira. Zalantzarik gabe, esparru horiek arreta handiagoa hartzea merezi dute, herritarren parte hartzean sakontzeko eta gobernantza kooperatibo, moderno eta garden bat lortzeko urratsak egiteko bidean.

Recherche