Maria  del Rio
Maria del Rio

Ikuskizunaren hiria

Egun, gutako asko udako oporretan gaude bete-betean, deskonektatzen eta plan ezberdinez gozatzen. Musika jaialdiak dira aukeretako bat; izan ere, eskaintza gero eta handiagoa da. Berez, gero eta gehiago dira musika jaialdiak ez ezik, oro har, kultura- eta kirol-ekitaldi handiak ere. Badirudi hiriek ekitaldi handi horien sustapenean oinarritutako estrategian murgilduta daudela, eta, beraz, elkarren arteko lehian sartuta. Helburu nagusia da irudi zehatz bat  proiektatzea, nazioartean ikusgarritasuna eta garrantzia irabaztea eta etorkizunean ondorio ekonomiko positiboak izateko aukerak handitzea, balizko turismoa eta negozioa erakartzearen ondorioz.

Beraz, jada oso ohituak gaude inpaktu ekonomiko itzela aurreikusten duten titular handietara. Dena justifikatzeko gaitasuna omen duten kopuruak dira lortuko direnak, nahiz eta orokorrean argi ez izan nondik irteten den agindutako zifra hori; ezta lortutako itzulera nola birbanatuko den ere, bereziki, aurretiazko inbertsio publiko garrantzitsua izan ohi dela kontuan hartuta; ezta zer nolako eragin soziala izango duen ere, hau da, nola eragingo dion biztanleriari bere egunerokoan.

Egia da, eta batez ere urteko garai honetan, neurri handiagoan zein txikiagoan denok garela turistak, eta uneren batean edo bestean ikuskizun handiez ere gozatu dugula, baina ez da egia sortutako inpaktuetan dugun erantzukizun-maila berdina denik. Kontuan hartu beharreko albo ondorioen artean daude espazio publikoaren okupazioa, hurbileko merkataritzaren ordez bisitarien beharretara egokitutakoa izatea, jarraipenik gabeko enpleguen sorrera, pisu turistikoetan eta, orokorrean, etxebizitza merkatuan eragina...

Oro har, ebaluazio argi eta publiko baten falta sumatzen da, egiazko ondorioak ulertzeko (sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak, kulturalak...) eta hurrengo ekitaldiei begira beharrezko ezagutza lortzeko. Baina, batez ere, argi geratu behar da ez dugula gure hirietan figurante hutsak izan nahi; herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzeak azken unean boluntarioak eskatzetik baino harago joan behar du.

Recherche