Maria  del Rio
Maria del Rio

Nola egin?

Parte hartzeak, erabakien eraginkortasuna eta legitimitatea hobetzeaz gain, konponbide demokratikoagoak eman eta herritartasuna eraikitzen laguntzen du.

Politikariez kexatzeko ohitura eta politika instituzionala zalantzan jartzeko tentazioa erabat ulergarriak dira; bereziki, ustelkeria, ate birakariak, eroskeriak edo adiskidekeriak kasuak azalarazten direnean.  Ezkortasunerako arrazoiak falta ez direla egia da, eta goitik beherako ekintza instituzionalaren mugak begi-bistakoak direla. Hala ere, parte hartze politikoak, eskubidea izateaz gain, funtsezko praktika izaten jarraitzen du demokraziari eusteko. Noski, ekarpena ez da soilik eremu instituzionaletik egiten, hainbat lekutan gorpuzten da: gizarte mugimenduak, kolektiboak eta abar.

Gardentasunez jokatzea, gizarteari erabakien berri ematea eta kontuak ematea, dudarik gabe, praktika onak eta gomendagarriak dira. Baina ezin da esan parte hartzerako ariketa denik, ezinbesteko aurre baldintza baizik. Funtsezkoa da, beraz, gizarte erabakietan parte hartzeko benetako baliabideak eskaintzea. Are gehiago, gizartea erabakien parte bihurtzea, kooperaziorako espazio desberdinak sortuz. Ez baita nahikoa instituzio eta herritarren arteko distantzia laburtzea, herritarrak ahaldundu eta komunitatea josteko bideak ere eskaini behar dira.

Horrela, parte hartzeak, erabakien eraginkortasuna eta legitimitatea hobetzeaz gain, konponbide demokratikoagoak eman eta herritartasuna eraikitzen laguntzen du. Hala ere, zoritxarrez, ez dira ezohikoak planteamendu estetiko hutsak, eragiteko benetako aukerarik eskaintzen ez dutenak, edo ez direnak behar bezala planifikatu. Horien arriskua handia da, tartean izan direnei, alegia, parte hartzeko konpromisoa bere egin eta saiakera egin dutenei hurrengo batean parte hartzeko asmoa kentzen dietelako. Azken finean, parte hartze kultura sustatzeko bidean oztopo nabaria da hori. Argi dago, parte hartzeak konpromiso indibidual, kolektibo eta instituzionala eskatzen duela. Eta hura sustatzeko, ezinbestekoa da behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak erabiltzea, borondate on soilarekin ez baita nahikoa. Dudarik gabe, ahaleginak merezi du, zer egin bezain inportantea baita nola egiten den.

Recherche