Maria  del Rio
Maria del Rio

Patua jokoan

Jokoa gure artean oso errotuta dago eta, kasu gehienetan, ez dakar arazorik. Baina egoera aldatu egin da, eskaintza eta jokoaren eskuragarritasuna handitu egin direlako, batez ere online jokoaren gorakada dela eta.

Aste honetan jokoaren erregulazioa aldatu da EAEn. Hemendik aurrera, gutxienez 150 metroko tartea egon behar da joko-lokalen eta ikastetxeen artean eta, apustu negozio batetik bestera, gutxienez 500 metrokoa; gainera, horietan sartzeko baldintzak gogortu eta publizitate-murrizketak areagotu dira. Zalantzarik gabe, indarrean sartu berri den moldaketa berri ona da, arazoa serio hartzen hasi dela erakusten baitu. Hala ere, horren mugak ikustea erraza da. Besteak beste, apustu orokorrak ustiatzeko baimenak hamar urtez luzatuko dira, beraz, urte luzez egoera berdinean jarraituko dute.

Jakin badakigu jokoa gure artean oso zabalduta eta errotuta dagoela eta, kasu gehienetan, ez dakarrela inolako arazorik. Tarteka loterian jokatzea, batez ere Gabonetan, edo frontoian apustu egitea izaten dira ohikoenak. Baina egoera aldatu egin da, eskaintza eta jokoaren eskuragarritasuna handitu egin direlako, batez ere online jokoaren gorakadaren ondorioz. Era berean, jokoarekiko adikzioagatiko tratamendu-eskaria ere handitzen ari da. Adierazgarria da, gainera, nola gazteek portzentaje handiagoan azaltzen dituzten jokoari lotutako arazoak.

Horren harira, ezin ahaztu nola areagotu den arazoaren kontzientziazioa, bereziki, zenbait gazte erakundek gidatutako kanpainei esker. Azken horiek jokoaren normalizazioa –kaleetako paisaian nabaria izanik– edo prekaritatearekiko lotura bezalako gai erabakigarrietan jarri dute arreta. Joko-lokalek duten gizarte eraginari ere eutsi diote; esaterako, aisialdia eta sozializazio-espazioak birpentsatzeko beharra landu dute, ohitura alternatiboak sustatzeko premia azpimarratuz, eta egoera konplexuei banakako irtenbideak bilatzeko gorazko joera kezkagarriaz ohartarazi dute. Finean, jokoaren bitartez patua aldatzeko itxaropen indibidual eta sasi magiko horren aurrean, etorkizuna modu kolektiboan eta arduraz eraldatzeko deia egin dute.

Ez dezagun Dostoievskiren "Jokalaria" eleberriko protagonistaren antzera jokatu, azkeneko esaldian, bere burua hamaikagarrenez engainatuz, horrela dioenean: «Bihar, bihar, azkenean nire patua aldatuko dut!».

Recherche