Maria  del Rio
Maria del Rio

Sustrai sakonak

Berriki, Arartekoak profil etnikoetan eta arraza-profiletan oinarritutako identifikazio-kontrolei buruz ohartarazi du. Ez du arreta berezirik jarri Irungo Polizia Nazionalaren komisarian gertatutakoaren moduko kasu deigarrietan, zeinetan egun libreak eskaintzen baitziren migratzaileak atxilotzearen truke. Salatutakoak zerikusi handiagoa du sentsazio orokor eta egunerokoago batekin; batez ere, jasaten dutenek hautematen duten eta sarri ukatu izan zaien sentsazio batekin. Arraza edo kolorea bezalako irizpideetan oinarritutako justifikazio objektiborik eta arrazoizkorik gabeko identifikazioez ari da; hau da, estereotipoetan errotutako identifikazioez. Horrek esan nahi du arrazializatutako pertsonek aukera gehiago dituztela gure kaleetan autoritateak arrazoirik gabe geldiarazteko.

Argi dago legez kontrako diskriminazioa dela eta delituaren aurrezaintzan eraginkorra ez izateaz gain, beste hainbat albo ondorio negatiboak dituela: esaterako, kolektibo jakin batzuen estigmatizazioa eta justizia-sisteman gutxiengo etnikoek duten gehiegizko ordezkaritza sustatzen dira. Karga sinboliko handia dute identifikazio horiek, hierarkia sozialaren mezu argia bidaltzen baitute. Badirudi denok ez dugula kalean lasai ibiltzeko askatasun bera. Egoera horren aurrean, asko dira nazioarteko erakundeek eta instituzioek egindako gomendioak, denak ere irizpide antzekoei jarraituz. Besteak beste, jarduteko protokolo argiak ezartzeko beharra, giza eskubideen eta arrazismoaren aurkako formakuntzaren funtsa eta polizia-praktikak gainbegiratzeko mekanismoen garrantzia azpimarratzen dira.  

Datu eta gardentasun faltaren ondorioz, oso zaila da gaiaren gaineko azterketa sakona egitea. Horrek, gainera, kontrol demokratikoari ere kaltea eragiten dio. Neurriak hartzeko jakin egin behar da zabaldu diren kide zehatz batzuen banakako praktikak ote diren, edo instituzionalizatuta dagoen diskriminazio-tratua den. Edozelan ere, urgentziaz aurre egin behar zaion gaia da, gure gizartean sustrai eta ondorio sakonak dituen heinean.

Recherche