Kissingerren mihi gaiztotik ateratakoa dela esan da hamaika aldiz: «Arriskutsua da Estatu Batuen etsaia izatea; baina hilgarria da haren adiskidea izatea». Horrela, perpaus nagusian eta adizkiak indikatiboko orainaldian direla.
Ez du zuzen-zuzena izan behar esleipenak, bere horretan. Aipu ospetsuen nondik norakoa arakatzeko grina eta beta dutenek esaten dute haren idatzietan behintzat ez dela halakorik agertzen. Badela, ordea, bigarren esku garaikide batetik (W. F. Buckley, 1974) letorkeen arrasto fidagarria. 1968an, Nixonek hauteskundeak irabazita, haren Segurtasun Nazionaleko aholkularia bihurtzear zen Kissingerrek Hego Vietnameko egoeraren inguruan esana omen: «Nixoni esan behar zaio ziurrenik Clifforden [une hartan Pentagonoko burua zena, Johnson administrazioan] asmoetako bat izango dela Thieu [Hego Vietnameko presidente txotxongiloa] kentzea, Nixonek kargua hartu aurretik. Nixoni esan behar zaio Diem-en [Hego Vietnameko lehen presidentea, 63ko estatu kolpean atxilotua eta eraila] patu bera izaten badu Thieu-k, munduko nazioak esaten hasiko direla arriskutsua izan daitekeela Amerikaren etsaia izatea, baina hilgarria dela Amerikaren adiskidea izatea».
Horrela esanda, se non è vero, è ben trovato; eta nahiko argi legoke burutazioaren nondik norakoa. Bestelako kontua litzateke, haatik, edukiaren «berritasuna». Ordurako, munduko hamaika naziok ohartuta egon behar zutelako AEBekiko adiskidetasunak nolako ondorioak izaten zituen epe ertain eta luzera: Kubako independentistek, Filipinetakoek, kurduek, euskal nazionalistek… Esana edo ez esana, oso argi zegoen ordurako izana. Geroztik, zer esanik ez.
Thieuren patua ez zen Diemen berbera izan; baina agudo hanka egin behar izan zuen AEBk 1975ean oinpean zuen eskailera (Kissingerrek berak, oso zuzenki) kendu ziotenean.
Etxe Zurian V. Zelensky eta Trump/Vance tandemaren artean izandako kalapita ikusi, entzun eta hausnartzean, ezinezkoa egiten da Estatu Batuen adiskideen patuaz ez oroitzea.