Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Anchorage II.aren zain

2021eko martxoaren 18an Alaskako Anchoragen ikusi zen Biden administrazioaren aldi osoan munduko bi potentzia handienen arteko harremana mugarrituko zuen antzezpen politiko-mediatikoa: Anthony Blinken, Estatu idazkari berria, Yang Jiechi, Txinako Kanpo Harremanetako arduradun gorenarekin bildu zen. Tentu handiz koreografiatutako bilkura hura antolatzaileak espero ez bezala joan zela begien bistakoa izan zen orduan bertan.

Obamaren agintaldian jada Estatu Idazkaritzan «Bidenen gizona» zen Blinkenek Txinari epelak entzunarazi eta astamakila handiena nork zuen erakutsi ahal izatera zetorren aurrez aurrekoa. Asia Ekialdeko aliatuen (Japonia, Hego Korea...) etxera egindako bisita ilaran Beijing nabari kanpo utzi ondoren. Hitzordua AEBetako lurraldean (baina Txinak inoiz argiro halakotzat aitortu ez duen Alaskan) ezarriz. Pipermin askotxorekin, alegia.

Hala ere, Anchoragen, 14 minutuz kameren aurrean, primeran dakien ingelesez ez baizik txineraz, Yangek jaulkitako filipika historiarako geratu zen. Askoz laburrago esan zitekeena azaltzeko, alafede: «Ezingo dituzue arauak zeuen komenentziara jarri. Ahaztu ezazue iraganeko aldi hori». Ez alferrik.

Talka hark ezaugarritu du ondorengo urte hauetan munduko harreman politiko nagusia. Duela bi urte Balin eta iaz San Franciscon Xiren eta Bidenen arteko zuzeneko solasak jarduketa mediatikoak izan ziren gehiago, benetako goi-bilerak baino. Behin bakarrik, duela urte eta erdi, joan da Blinken Beijingera, ezerezera. Wang Yi eta Jack Sullivanen artekoek iraunarazi dute, nola edo hala, goreneko komunikazio haria.

Zer gerta daiteke urtarriletik aurrera Trump II. administrazioarekiko «Anchorage» batean? Blinken, Nuland eta abarren azkarkerietako (beste) bat izan da Txina Ukrainako gerraren ekuazioan sartzeko ahalegina. Bikaina: bi etsaiak uztarri berean lotuta. Baina Ukrainakoa kitatu eta Errusiarekin adiskidetu nahi omen duenak zer egin behar du Txinarekin orduan?

Gero eta baretasun gutxiago duen ozeanoko uretan murgildu aurretik.

Recherche