Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Jaun ahalguztiduna

Hari batetik zintzilik zegoen eta, antza, eten egin da haria. Baina ez genuke goratu behar jazoera arrunt samarra dena –agure bat mundu guztiak aguretuta ikusi izana– gertakari historikoaren kategoriara. Munduko lehen potentziaren aginte gorena eta, agian, munduaren etorkizuna bera, erabaki zela ekainaren 26an esaka hasi baitira baten batzuk. Eta ez.

Hari begira egoteko komenentzia, gogoa eta barrena izan zutenek, CNNren Atlantako platoan ikusi ahal izan zuten hamar egun lehenagoko irudietan ikusia genuen gauza berbera: zaindua izateko dagoela Joe Biden, eta ez mundua zaintzeko. Ezta Estatu Batuak zaintzeko ere. Alegia, edozein begirale arduratsu samarrek aspalditik antzeman zezakeen zerbait.

Aldeak –geografikoak, denborazkoak nahiz politiko-etikoak– alde batera utzita, hurbilagoan, elefante-ehizaren kontura, agerian geratu zen krisi politikoaren antzeko zerbait, azken finean.

Harrezkeroztik AEBetako Alderdi Demokrataren barnean gertatzen hasi dena («change the horses in the middle of the stream», esango diote) aspaldi egin beharreko eta egiteke utzitako etxeko lanen itomena besterik ez da. Gordean burutu nahi dute orain, mundu guztia begira dutenean. Eta aurkari errepublikanoen ezohiko isiltasuna da zantzo mingarriena.

Trumpek irabazi dezake, bai, Bideni esker. Hobeto esanda, demokratek aspalditxo egin zuten apustu ezin zekenagoari esker: hautesleria konbentzitzen saiatu baino nahiago izan dute hura engainatu. Eta azkenean, ez dute hori ere lortu.

Ezina ekinez egiten delako edo, Biden gizajoak esan du berak ez duela etsiko... jaun ahalguztidunak kontrakorik esaten ez dion bitartean. Alde horretatik, beude lasai munduko urduri guztiak: ahalguztidunak berehala esango dio amore eman behar duela. Ari zaio esaten jada.

Bestelako kontua da agian Bidenek hala ulertzea, berak jaun ahalguztidun deitzen duena ez delako hori. Baina dirua da benetako jaun ahalguztiduna. Eta hark eginaraziko die sen onak eginarazi ez ziena. Edo ez?

Recherche