Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Denborarik gabe

Bakoitzak eduki dezakeen gauzarik oinarrizkoena da denbora izatea, finean bizitzea denbora edukitzea baino ez da», dio Pascal Chabot filosofoak. Pelloren egia dirudi, baina hala da, nahiz eta aldiro, gehienetan ez esateagatik, denborarik gabe ibiltzen garen harat-honat. Eguneroko martxak −norberak zerrenda ditzala bereak− bizi erritmo azeleratua inposatzen digu eta, gurpilean gelditu gabe dabilen hamster epileptikoaren antzera, Prousten denbora galduaren bila ibili ordez, denboraren atzetik itota eta presaka ibiltzen gara. Jada galdu dugu begietara begiratuz hitz egiteko ohitura, haurrak aspertzeko betarik gabe dabiltza eta, oporretan ere denbora aprobetxatu beharra dagoenez, azkenean estresaturik eta nekaturik amaitzen dugu. Denbora galdu izanaren paniko existentziala sentitzen dugu bestela.

Maria Novo irakasle eta filosofoak "Presazko jendartea" liburuan dio teknokapitalismoak, lan munduan ez ezik, arlo pertsonalean zein sozialean ere denbora bahitua daukala. Ez gara gure denboraren jabe, Kronosen atzaparretan gaude, Kairosen eskutik ibili ordez. Eta denbora lapurtzen digutenean, dio Novok, askatasuna ebasten digute, lantokietan, esaterako. Lan gutxiago eginez hobeto eta libreago biziko ginateke, beraz. Paradoxikoa da: ustez gure arbasoek baino denbora gehiago dugu geuretzat, baina denborarik gabe estres endemikoak jota bizi gara. Roboten pare, efikazak, azkarrak eta onak izan behar gara, hots, produktiboak. Gure ametsen, gure bizien harrapakari bihurtu da jendarte hiperkontsumista hau. Eta eredu hau ez da konpatiblea askatasunarekin, Pepe Mugicarentzat. Harentzat askatasuna gizakiok harremantzeko, maitatzeko, elkar laguntzeko edota zaintzarako behar dugun denbora librea da. Hortaz, denbora askatasuna da eta askatasuna denbora, Uruguaiko jakintsuarentzat.

Akaso gure buruak reseteatu eta denboraren nozioa birpentsatu behar genuke, denbora berreskuratzearekin batera gure askatasuna ere berreskuratzeko. Akaso ez da egia ez dugula denborarik, daukaguna huskerietan galtzen dugula baizik, Seneka dixit.

Hala ote?

Recherche