Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Europa

Mito greziarrak dio Zeus jainkoak Europa bahitu eta Kretara eraman zuela. XVI. mendeko Tiziano margolariaren "Europaren bahiketa" koadroan agertzen da eszena. Bertan, Zeusek, zezen zuri bihurtuta, Europa bizkar gainean etzanda darama begitarte kezkatuarekin. Tizianok Europaren bortxaketa iradokitzen du koadro horrekin. Europa eskubide unibertsal edota printzipio etikoekin lotzen bada ere, kolonizazio, gerra eta esklabotasunaren sortzailea ere izan da. Inperio baten sena izan du eta logika inperialista horrek egun ere iraun egiten du. Europaren mitoa totem baten modura eraiki izan dela esango nuke. Euroa ezarri ziguten, bandera urdin bat asmatu, ingelesa lingua franca modura inposatu, eta Beethovenen "Alaitasunaren oda" ereserkiarekin liluratuta europartu ginen bat-batean. Noski, Europa ez da EB, eta viceversa. Baina Europako Batzordeko Von der Leyenen gidaritzapean, zeina eskuin muturrarekin flirteatzen ikusi dugun, Europak bere legea ezartzen jarraitu nahi du bazterrotan. Hori bai, AEBen baimenarekin.

Eskuin muturra belar txarraren modura hedatzen ari den honetan −Ipar Euskal Herrian bertan sentitu dugu oldarraldia−, austerizidioak, gerrak eta era guztietako faxismoak nagusituz doaz. Europa betidanik zerbaiten edo norbaiten aurka eraikitzen ari direla dioskute, arrazoi osoz, deskolonizatzaileek. Varufakis Greziako Finantza ministro ohiarentzat Europa totalitarismorantz doa. Europan ez dago demokraziarik, tarteka bozkak antolatzen dituen oligarkia baizik. Alba Rico filosofoak dio Europa ideia on bat dela, baina adibide txar bat. Eta Atef Abu Saif idazlearen esanetan, XX. mendean Europako potentzia ezberdinek inposatutako ordena berriaren hanka sartzeak ordaintzen ari dira palestinarrak.

Horra. Bahiketa baten ondorioz sortu zen Europa eta bahiturik jarraitzen du oraindik. Zezen zuriaren ordez Etxe zuria da egun bahitzailea. Txakur txiki baten antzera darabil ugazabak. Tiziano kontenporaneo batek ezin hobeto egingo luke koadro ikusgarri bat. Norbait animatzen bada diot.

Recherche