Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Nakbaren aroan

Elias Khoury idazle libanoarrak irailean zendu aurretik zioen Nakba ez zela gertaera edo pasadizo bat izan, prozesu bat zela eta egunotan ere Nakbaren aroan bizi direla. Infernua alderik alde hedatu da, non eta Lur Saindua deitzen dioten lurraldean. Hondamendi eta txikizio telebisatuan arima galduak herrari ikusten ditugu suntsitutako hiri eta herrietan. Haur jaioberriari izena emateko astirik izan ez zuen aitaren garrasi hautsia, maindirez estalitako gorpuak, ospitaleak, eskolak, auzo osoak helburu militar bilakatuta, otoitzak ukendu bakar dituztela bizi dira palestinarrak infernu horretan.

«Guk ere maite dugu bizia», zioen Mahmoud Darwichek, baina genozidio sionistak odolaren kolorea du, herioren begiak ditu, horroreak metal usaina du, biharamunik izango ote den beldurrarekin lokartzen dira Gaza guztietako suzko purgatorioan, jendeak bizirik irauteko senarekin idazten du; «gerra baten erdian jaio nintzen, eta gerran bizi izan naiz bizitza osoan», dio Atef Abu Saif idazleak.

Ez da heriotza soilik, ez da hiri baten suntsiketa bakarrik, herri oso baten memoria eta erresistentzia, erresilientzia eta esperantza ezabatu nahi dituzte. Hiztegiak argi esaten du zer den sarraskitzea: defendatu ezin den jendea era basatian eta masiboki hiltzea. Aspaldiko zauriak Nakba du izena eta zauriak itxi gabe segitzen du, odoletan da; «hemen da gure odola, hemen gure iragana, oraina eta etorkizuna, hemen iraungo dugu», dio Tawfiq Zayyad poetak.

Horra Palestina hautsia, Palestina zoragarriki poetikoa, gerorik gabeko etorkizun bat amestu nahirik, amildegiaren ertzean, ahanzturaren eta indiferentzia orokortuaren aurka borrokan. «Itzuliko gara, ez da mehatxu bat, ez da nahikari bat, ez da esperantza edo amets bat soilik, promesa bat da», diosku Remi Kanazi idazleak.

76 urte dira Israelek Palestinari era batera edo bestera erasotzen diola. Baina urtebeteko bonbardaketen ondotik hilerri bilakatu dute, hilerri bat non jendeak dioen Gazan sartu aurretik oinetakoak erantzi behar direla, hildakoen gainean ibili behar dutelako.

Recherche