Imanol eta Mikel Laboa euskal musikarien diskekin jolasean hasi zen nire historia agian, edo baliteke 10 urte beranduago nire "jatorria" kokatzea, ez dakit eta ez zait importa egia esan. Importa zaidana non nagoen eta zer naizena da: ozeano bat tarteko sortu eta duela 14 urte nire lekua (munduan) aurkitu nuela alegia.
Aita diktadura militarraren hatzaparretatik ihes egin behar zuen eta hortik aurrera hegazkinen leihoetatik ikusten nuen ur kontinente eder eta amaituezin hori zen nire ozeanoa, batzutan lilura eta beste askotan malenkoliarekin, 7 urteko mutiko batek izan dezaken tristura, urduritasuna eta bizipoza ondo nahastuz.
Madrilera egindako bidai horietan hurbiltzen hasi nintzen, lehenengo ikurriña ikusi eta aipatutako biniloak dastatu "Wincofon" markadun tramankulu zaharrean. Baina bisita laburrak ziren, joan eta etortzekoak, Ezeizako aireportutik Barajasera edo amarengandik aitarengana eta alderantziz. Batzuetan urtero, edo bi urtean behin, ahal zutenean.
Denboraren poderioz gure etxeko fonoteka handitzen joan zen: Kortatu, Cicatriz, Kontuz Hi eta Jotakie taldeen bildumatik hasi eta Quilapayún edo Silvio Rodriguezekin amaitu, baina batez ere hizkuntz arraro eta erakargarrian abesten zuten taldeen diskak gozatzen hasi nintzen nerabezaroan, nahiz eta zer esaten edo abesten zuten ez jakin: Hertzainak, Korroskada, Naste Borraste, Baldin Bada, Negu Gorriak, MCD, Errobi, etabar luze bat.
Hor kokatu dezaket nire euskalduntze prozezuaren hastapena, hitzak buruz ikasi eta zer esan nahi zuten nahiarekin.
Hegazkin asko hartu eta gero Euskal Herrira iritsi nintzen azkenean, gure herri txiki honek berriro jaiotzeko aukera eman zidanean. Maitemindu nuen Aitorren hizkuntza zaharrarekin eta gorakadak eta beherakadak gainditzen ikasi egin nuen, maitasun harreman guztietan bezalaxe.
Eta espero dut hemendik inoiz joan behar ez izatea, baina batek daki, zeren behin bere jaioterritik urruntzen denak inoiz ez baitu jakingo noiz mugituko den berriro, baina batez ere ikasten du(t) mugimenduak dakarrela aniztasuna.
Musikarekin hasi eta musikarekin amaitu.
PD: Teklatuaren aurrean, sentitzen dudana ederki adierazten duen kanta polit baten hitzak ditut buruan bueltaka egun: ez naizela damutzen maitasun historia eder eta gordin hau bizi izanaz.
Hona hemen jatorrizko abestia:
Eta hauxe B.C. Bombs laldeak gaur egun Euskal Herriko eszenatokietan bertsionatzen duena: