GURASOEI GUTUNA liburua barru-barrutik sortutako ekimen bat da. Duela 19 urte auto-istripuz galdu genituen gurasoei omenaldia egiteko moduan sortu bazen ere, guraso guztiei omenaldia egitea da orain dugun helburuetako bat. Idazlan lehiaketa batean azken 4 urteetan jasotako gutun sentituenak biltzen ditu.
GURASOEI GUTUNA ez da liburu soil bat. Gure ohearen ondoko 'mesanotxean' izateko sortu da. Gutun bakoitzak barruak mugitzeko osagaiak ditu eta ez da dena batera irakurri daitekeen horietakoa.
Irakurleari laguntzeko asmoz, gutun bakoitza gaika eta emozioka sailkatu dugu. Sailkapen hau orientagarria da, dugun gogo-aldartearen arabera gutun bakoitzak sentiarazten diguna oso desberdina izan daiteke eta. Emozio eta sentimenduen lanketa burutzeko material baten aurrean zaude; bakarka aurrena, eta konpainian ondoren, gutunak banan-banan irakurri eta eragiten digutena aztertzera gonbidatu nahi zaitugu. Seme-alabekin, edo ikastetxean ikasleekin, emozioak eta sentimenduak lantzeko ate berri bat ireki berri duzu. Gutun hauek aukeratzea ez da lan erraza izan, jasota geneuzkan gutun guztiak berriro irakurri ditugu eta. Barruak nahastuta, negar asko eginda, eta egun batzuk pasa ondoren labetik atera berri dagoen material hau zuretzat baliagarria izatea espero dugu, guretzat hala izan da eta. Juanita Amundarain Otegi eta Juan Miren Mendizabal Benito. Zuentzat eta zuengatik. Gure gurasoengandik hasi eta besteen gurasoenganaino. Besterik gabe, gozatu, dastatu, ikasi, eta sentitu liburuaren barruan aurkituko duzuna.