Gazteleraz esango genukeen bezala: "como joder el futuro de un/a niño/a"
Aurreko astean idatzi nuen artikulu bat elkarbanatu nahiko nuke zuekin, denon artean ausnartu eta pentsatu dezagun hitzek duten indarrez. Jartzen ditugun etiketa eta ematen ditugun mezuez.
--------------------
Beti izan dut niri gertatu zaidanaren zantzu bat, baina pasa den asteburu honetara arte ez naiz hain kontziente izan.
Inoiz ez zait kirola egitea gustatu, edo hori da sinestarazi izan didatena.
Atzera begira jarri naiz beste behin, eta konturatu naiz hori ez dela horrela. Txikia(goa) nintzenean gogoko nuen korrika egitea, mendira joatea asko gustatzen zitzaidan, eta baita igerilekura joatea ere.
Ikastolan kiroletan futbolera apuntatu nintzen, lagunekin futbolean jokatu eta ondo pasatzeko asmoz baina, besteak bezalako gorputza ez nuelako, entrenadoreak ez zidan jolasten uzten. Eta egun ona bazuen eta jolastera aterako baninduen defentsa edo atezain jarriko ninduen, baloiak nire gain errebotatzen zutelako (bere hitzetan).
Hau horrela izanda, jolasteari utzi nion, mendira joateari utzi nion, ikastolan soinketa garaian ezer ez egiteko aitzakiak bilatzeari ekin nion…eta honela izan da azkeneko 40 urtean.
Pasa den aste bukaera honetan mendi ibilaldi luze xamar bat egiteko aukera suertatu zait. 10 egun exkax izan ditut egin behar nuela jakin dudanetik, eta 10 egun horiek urduri pasa ditut gai ez nintzela izango pentsatuz. Urduri, haserre, berriro ere txikitako ondorioak/erantzunak jasoko nituenaren beldur.
Baina ez, ibilaldia egin nuen. Azkenak izan ginen bukatzen, baina iritsi ginen.
Ibilaldia egin ondorengo 2 egunak lur-jota pasa ditut. Egiteak suposatu zidan energia galerak zerikusia izango du, baina buruan dudan borrokak are eta handiagoa. Haserre nago, amorratuta, txikitatik baliogabetu zidatelako aukera polit hau. Txikitatik sinestarazi kirolerako txarra nintzela; eta agian hala izango da, agian ez dut tenisera jolasteko balio edo piraguan ibiltzeko, baina saiatzen ez banaiz ez dut inoiz jakingo.
Kontuz ibili behar dugu txikitatik haurrei ematen dizkiegun mezuekin. Gaitasunak denok ditugu, gaitasun ezberdinak. Haurrak gustatzen zaizkien gauzak egin behar dituzte eta ez badute hasiera batean trebetasunik, baina gustuko badute, aurrera jarraitzera animatu behar dira. Inor ez bait da ikasia jaiotzen eta inork ez bait daki zertan den ona edo zer duen gustuko inoiz probatu ez badu.
Gai hau jorratzen duen ipuin herrikoi hau asko gustatzen zait haurrei kontatzeko (eta neuretzako). Niri balio dit. Ea zuri ere balio dizun:
Arratsalde euritsu eta lainotua zen, baina haurrek kezkarik gabe jolasten zuten
Bat-batean, izotza puskatu eta haurretako bat uretara erori zen.
Beste haurrak, uretara erori zena itoko zela ikusita, harri bat hartu eta izotzari kolpeka hasi zen, izotza puskatu eta bere laguna atera zuen arte.
Suhiltzaileak iristean eta gertatutakoa ikusi zutenean, zera galdetu zuten:
– Nola egin du? Izotza oso lodia dago, ezinezkoa da harri horrekin eta hain esku txikiekin puskatu izana!
Une horretan agure bat agertu eta esan zuen:
– “Nik badakit nola lortu duen”…
– “Nola?”. Galdetu zioten agureari. Eta honek erantzun:
– “ETZEGOEN BERE ONDOAN INOR, EZINGO ZUELA EGIN ESAN ZIONIK”.
2017/05/04 guraso.eus
Itxaro Mendizabal Amundarain