Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Nor gara gu?

Gure Esku, Korrika eta EH Batera ekimenek esperantzari leiho bat zabaldu diote asteotan. Horien bueltan ibili gara, abertzale edo/eta euskaltzale garenok. Herria, nazioa eta euskara izan dira han-hemenka entzun diren berbak. Baina ez al ditugu nahasten bereizi beharreko kontzeptuak? «Nor gara gu?» galderak hainbat ertz ditu. Adibidez:

1. Herria eta nazioa ez dira gauza bera. Herria herritarrok osatzen dugu eta nazio identitate jakin bat dutenek osatzen dute nazioa. Euskal Herrian bizi garen guztiok euskal herritarrak gara, baina euskal herritar guztiok ez gara euskal nazioko kideak, ez gara abertzaleak.

2. Euskal Herria nazioa dela eta zazpi herrialdez osatua dagoela abertzaleok sinesten dugu. Euskal nazionalismoak ezarri du zein den euskal nazioaren lurraldea eta ez hizkuntza jakin batek. Hortaz, Euskal Herriari «euskararen herria» deitzea ez da zuzena, hiru hizkuntza nagusi baititugu, besteak beste: euskara, gaztelania eta frantsesa.

3. Abertzaleok politikoki subirano irudikatzen dugu Euskal Herria, edozein delarik ere burujabetza maila. Abertzale guztiok bat egiten dugu horretan, Iparraldean zein Hegoaldean eta espektro ideologiko osoan. Ondorio logikoa litzateke gutxieneko batasuna egotea abertzaleon artean. Alta, Aberri Eguna ezin da izan euskal herritar guztion eguna, denok ez dugulako sinesten euskal aberrian.

4. Sinesmen horren alde jarduteko eskubide osoa dugu, gizartea demokratikoa baldin bada. Beraz, eskubide demokratikoa da nahi hori politikoki adierazi ahal izatea erreferendumaren bidez. Eta euskal herritar guztiok dugu eskubidea bozkaren bidez geure iritzia adierazteko.

5. Euskal herritarrok nazio identitate eta kultura bat baino gehiago dugu. Espainiar, frantziar edo bestelako nazio identitatearen jabe direnek herritartasun osoa izan behar dute Euskal Herri burujabean, baita euren nazio atxikimenduari eusteko eskubidea ere. Aniztasun demokratikoari zor, inor ez da izango bigarren mailako herritara kulturagatik edo nazio atxikimenduagatik.

Recherche