Ezetz asmatu?
Suzko bola handi bat ginenean, "Gure Planeta", infernu likido kolosala omen zen. Urarentzako arrangurarik gabekoa. Aitzitik, osagaiak bertan ziren, sakon-sakonean.
Lurra hozten hasi zenean sumendiak agertu ziren eta gasak jaurtitzen hasi ziren erraietatik. Gas horietako bat lurrun bihurtu zen eta lurrun horrek hodeiak sortu zituen. Lainotzar ikaragarriek hartu zuten zerua eta orduan hasi zen inoiz izan den eurite luzeena, ehunka mila urteetan etenik izan ez zuena. Eta lehen errekak sortu ziren eta ondoren ozeanoak, eta jarraian landareak eta izaki bizidunak; eta azkenik, gizakia. Gu geu, alegia.
Jarraian etorri ziren gizakiaren miseriak, egozentrismoak, handinahikeriak eta txikikeriak. Bira kopernikarrak, gauzak beste ikuspegi batetik begiratu daitezkeela erakutsi zigun arte. Baina, ez genuen ikasi, ikasi nahi ez genuenik.
Suzko laranja erraldoia gertuago dugu neguan, udaberrian edo udazkenean baino, eta hala ere, hotz egiten du gurean, urte sasoi honetan ohi denez. Itsasoko ura beira bilakatzen da gure begietara eta uhinek haserre dirudite. Hirietan, Garako orrialdeak erabiltzen dituzte tapaki gisa, aterperik ez duten izen gabeek. Antza, idazten ditugun hitzek bero apur bat eman dezakete lehorrean. Mendiko zuhaitzek, tinko diraute, babestuko dituen hostorik ez izan arren. Itsasoan, ordea, dena desegiten da, baita menderaezinak diruditen itzelezko harkaitzak ere. Miarritzeko haitz isolatuak edo Gaztelugatxeko irlatxoa ez ditu denborak deuseztatuko, itsasoak baizik, horretarako, auskalo zenbat gau eta egun beharko baditu ere. Denbora, ez da itsasoaren osagai bat.
Gizakiak ere, bere erraietan darama egunen batean gas bihurtu eta mirariak egingo dituen osagaia. Ur hotzez eta itsaski beldurgarriez babestuko duena. Errekak eta ozeanoak sortzeko gai dena. Harrapaezina. Ukiezina. Ikusezina. Gardena. Urrearen pareko, baina kolore gabeko. Gainerako planeta eta izakietatik bereizten duena. Osagai perfektua. Osagaia, singularrean, jainkoa bezala. Zertaz ari naiz?
Ez, ez naiz uraz mintzo, irudimenaz baizik.