Errugbian hirugarren denbora bat dute, joko zelaian batak besteari eman dizkion belarrondoko eta ipurmasail igurtziak alde batera utzi, haserreak ahaztu, eta elkarrekin, denbora tarte batean bederen, lagun giroan aritzen dira. Partiduaz hitz egin, inpresioak elkartrukatu, garagardo freskoak edan eta jokaldiak komentatzen dituzte.
Surfean ere bada bigarren denbora bat eta surflari gehienen kasuan, gainera, bakarra dela esango nuke. Alegia, uretan ikusitako edo izandako bizipenen inguruan hitz egiteko denbora tartea litzateke.
Gainera, surf saio batean lekukoak izatea garrantzitsua da zenbaitetan, izan ere, halako edo bestelako ariketa egitea lortu duenak, edo olatu ikaragarri onak hartu dituela dioenak, hori guztia kontatu nahi du, baina inork gutxik sinetsiko dio baldin eta aurkezteko frogarik ez baldin badu.
Igande arratsaldeetan, marea goian denean, olatuak taularen ertza baina txikiagoak direnean eta uretan dagoen surflariaren eta malekoian paseatzen ari diren milaka ikusleen artean dagoen distantzia ia hutsaren hurrengoa denean, ez dago inpresioen elkartrukeari denbora eskaini beharrik, itsasoratzea bera baita «bigarren denbora», bere baitan.
Malekoian atzera eta aurrera haien haur-kotxea bultzaka dabiltzan milaka lekuko horiek falta direnean, ordea, norberaren hitza baino ez da geratzen eta surflariek frogatu nahi izaten dute soilik haiek izan direla, eguneko momenturik onena, olatuak bere puntuan izan diren momentu labur eta liluragarria dastatzeko pribilegioa izan dutenak. Juduak bailiran, haiek izan dira aukeratuak.
Eta beraz, aurrean entzule gisa duten solaslagunari, zoritxarrekoa bera, soberakinekin konformatzea baino ez zaio geratzen. Trena jada pasa da, agur momentua, ez dago atzera bueltarik, eta han ez zenak ez du ezer esaterik.
Munduko lehen surf film garrantzitsua izan zenak («The Endless Summer», 1966), oso ongi irudikatzen du aipatutakoa. Aktoreak leku batera iristen ziren bakoitzean, aurreko egunean sekulako olatuak izan zirela esaten zieten bertakoek: «Atzo hemen izan bazinete, olatu perfektuekin gozatu izango zenuketen».
Munduan bezala, surfean ere bitan banatuta gaude. Batzuk beti hor daude, leku eta une egokian, botere miragarriren batek gidatuko balitu bezala. Besteok beti berandu iristen gara, ez dugu lekukorik, ez dugu aurkezteko frogarik. Galtzaileak gara, losers deitzen gaituzte.
Olaturik gabeko egunetan, paseatzen ari diren hiritar zintzoen babesik ez dugulako edo itsasotik malekoiko giza zurrunbilo horretara iragateko pausua emateko inongo asmorik ez dugulako, ez dugu sinesgarritasunik. Baina batez ere, olatuak daudenean itsasoratzen garelako.
Olatuak, ordea, malekoirik gabeko lekuetan izaten dira, eta eguraldiak inoiz laguntzen ez duen inguruneetan. Eta olatu onenak, dudarik gabe, lekukoak izan zitzaketenak, itsasoari begira «bigarren denbora» egiten ari direnean izaten dira.