Aspalditik ezagutzen dut Gallo. Nire maisu eta bidaia kide aparta izan dut askotan. Gauza askogatik miresten dudan laguna da, eta orain, itsu geratu ostean, surf egiten jarraitzeko erakutsi duen indarrak ez nau batere harritu. Gallo horrelakoa da.
Gallorekin surf egitera joaten hasi nintzenean, bera bezala, begi bakar batekin surf egitea zer zen irudikatzen nuen maiz eta ondorioz, askotan egin dut begi bakar batekin surf egiteko saiakera. Azpiratzea bera ere zaila egiten zait, azkar edo berantegi hondoratzen naiz eta aparrak mendean hartzen nau. Gizakion paradoxak dira, ikusmena izan arren ikusteko dugun gaitasun falta eta itsuek duten ikusteko dohain aparta. Hala ere, eta esaerak dioen moduan, ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu okerragorik.
Ikusten hasi baino egin ez zen momentu berean hasi omen zen ikusmena galtzen Borges idazle argentinarra. 55 urte zituela ikusmena osorik galdua zuen eta pixkanaka koloreak nola ahaztu zituen kontatzen zuen. Haur zenetik maite zuen kolorearekin harreman fidela izan zuen, horia, kolore gabeko mundu horretan buruan ezabatu zuen azken kolorea.
Nire aitona itsua zen, zuhamuxka artean ehizan zebilela beste ehiztari batek tiroa bota eta ikusmena galdu zuen; beraz, Borges bezala, ez zen itsu izan bizi osoan.
Igande goizetan, hamaiketako otorduak jende andana biltzen zuen aiton-amonen tabernako sukaldean, eta lan handia izaten zenez, anaia eta biok aulkian lotzen gintuzten, gutxienez lan gehien zegoen momentuan alukeriaren bat egin ez genezan.
Lotuta egotearekin nahikoa ez-eta, ondoan aitona jartzen ziguten zaindari. Noski, aitona itsua izan arren, hura ere gupida gabe xirikatzen genuen, baina hamaiketakoak luze jotzen zuenez, eta lotuta geundenez azkenean aspertu, eta aitonari guk geuk buruan genituen galderak luzatzen hasten ginen: «Aitona zuk zein kolore ikusten duzu, beltza bakarrik?». «Ez, ez dut kolorerik ikusten. Ezer ez», berak.
Ordutik kolorerik ez ikustearen kontu horri buelta asko eman izan dizkiot. Beranduago, familia bazkari baten ostean, indio eta bakeroetara jolasean ari ginela lehengusu bat bakeroen aldean zegoen eta gutako batek botatako gezi madarikatu batek eskuin begia birrindu zion.
Lehengusuak, begi horrekin zein kolore ikusten duen galdetuta, erantzun bitxia ematen du: «Ikusten duen begiarentzat beltza den hori; baina berez, ez da ezer, ezer ez». Aitona bezala.
Begi bakar batez gauzak egitea zein zaila den irakatsi zidan. Askotan egin dut begi bakar batekin surf egiteko saiakera; azpiratzea bera ere zaila da, azkarregi edo berantegi hondoratu, eta aparrak mendean hartzen nau.
Bethany Hamilton, marrazoak beso bat erantsi zion neskatoa, surf egiten ikusi ostean, beso bakar batekin surf egiten saiatu ginen lagun talde bat, eta Bethanyk olatu gainean izan zitzakeen zailtasunez gain, gainontzeko egintza guztietan dituen zailtasunak «ikusi» genituen.
Tarteka besteen azalean jarri eta gauzak egiten saiatzea egintza osasungarria dela iruditzen zait. Gure gilborretik harago begira jartzeko ekintza mota bat izan daiteke, horregatik zioen Borgesek ikusten hasi zenean geratu zela itsu, ikusteko modu bakarra ez dagoelako hain zuzen ere, koloreak ez, baina «ingurua» itsuak ikusten duelako.
Pipelineko urautsian egurra banatzen egoten diren lekutarrak Derek Rabelo surflari itsuari laguntzen ikusita, gauza bera esan daiteke, alegia, itsu batek ikusten irakatsi diela. Gizakion paradoxak dira, ikusmena izan arren ikusteko dugun gaitasun falta eta itsuek duten ikusteko dohain aparta. Hala ere, eta esaerak dioen moduan, ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu okerragorik.