Amaitu da Gold Coasteko proba. Lehen txapelketak, normalean, lehiakide berriak ezagutu eta surflari ezagunak sasoian dauden ikusteko balio izaten du. Ikusle gisa, urte sasoi berriari begira zein lehiakide babestu eta nor arbuiatuko dugun erabakitzen hasteko lehen zantzuak marrazten hasten gara.
Aurtengoan hasiera bikaina izan da. Ez da olaturik izan, ezta itzelezko ikuskizunik ere, baina lehiakide asko bere horretan agertu dira, eta hori, edonola ere, interesgarria da, miresten ditugun surflariak lehorrean nolakoak diren ere jakin nahi izaten dugulako. Olatu txikiekin surflariak itsasoak eskaintzen ez dion indarra bere teknikarekin sortu behar du, eta hori oso zaila da. Halakoetan, «zorte» faktoreak bestelako baldintzetan baino garrantzia handiagoa hartzen du.
Brasildarren jarrera eskasak ez nau harritu, askotan hitz egin dut haien inguruan, eta askok arrazista naizela dio orokortu egiten dudalako. Ardi bat maraztu beharko bagenu, ziur aski kolore gabe marraztuko genuke, alegia, zuriz. Ardi beltzak salbuespena baitira. Ba orokorrean ardiak zuriak direla esan daitekeen modu berean, surfean lehiakide brasildarren jarrera eskasa dela esan daiteke. Salbuespen batekin, brasildarren artean ez da salbuespenik.
Iazko munduko txapeldunak ez zuen txanda pasatzea lortu, Glen Hall arerioak zuen lehentasuna oztopatzearren egindako ariketa bategatik zigorra jaso baitzuen. Uretan bi lehiakideek izan zuten kalapitaren ostean Medinak sekulakoak eta bi esan zituen antolatzaileen kontra eta bera kaleratu zuen arerioa mehatxatu ere egin zuen. Tira, Gabriel Medina da eta brasildarra da, ez da deus berririk.
Nesken kasuan ez da arazorik izaten, «rollo ona» da nagusi. Mutiletan, ordea, beti bada iskanbilaren bat, eta brasildarrak ez dira protagonista bakarrak izaten; batzuetan surflari kutunak ere harri eta zur utz gaitzake. Tira, egun txar bat edozeinek izan dezake, baina azken txapelketan sekulakoak egin eta esaten ibili diren lehiakideen zerrenda luzea izan da.
Irudi ikusgarriena, Fredy Pattachia hawaiiarrak eman zuen. Txandan olatu onik hartzea lortu ez zuenez, munduarekin eta kosmosarekin haserre, lasaitzeko arroka baten kontra taula hausteko erabakia hartu zuen. Milaka urte, hor geldirik eta ezer esan gabe zeramatzan haitz gizajoak harriduraz hartuko zuen burusoil ernegatuak surf taularekin emandako kolpea, baina, ziur aski, lanpernak ernaltzen jarraituko du, ezer gertatuko ez balitz bezala, beti irabazteko modu bakarra baita.
Ondorioa, beraz, honakoa da: zenbaitetan, begirada irabazleengan baino galtzaileengan jartzea komeni da. Garaileek bekaizkeria sortzen dute, galtzaileek, ordea, gizatasuna eta samurtasuna piztu ditzakete haien zoritxar eta ezintasunarekin. Baina, kontuz, ez da lehiaketaren helburua zein den ahaztu behar; alegia, irabaztea. Jolasa eta lehia bereizi behar dira. Zeren garrantzia parte hartzeak duela dioen diskurtsoa oso polita da, batez ere irabazteko gaitasunik ez duenarentzat.