Goizeko lehen eguzki izpiek bazterretako itzalak sortu baino lehen ateratzen da neskato bat etxetik eta hondartzara abiatzen da, leiho-sareta ilunen atzean diren begirada zelatariak ekiditen, besapean surf taula bat duela. Auzokideak iratzarri baino lehen itsasoratuko da, goitik behera jantzita, arropaz estalia, nahiz eta ur geza, berean, epela dagoen.
Cox's Bazar, munduko hondartza luzeena da. 120 kilometro, milaka arrain espezie, milioika hondar ale, atzerantz egiten duten karramarro zenbait eta zutik aurrerantz surf egiten duen emakume bakar bat: Nassima Akhtar.
2008an surf eskola bat ireki zen lehenengoz Bangladeshen. Haur batzuek igeri egiten ikasten zuten, eta beste batzuek, ausardia berbera erakusten zuten Indiako Ozeanoan diren olatu artean surf egiten. Al Jazeera telebistako erreportariek gertutik jarraitu zuten surf eskola honen ibilbidea, baita bertako ikasleena ere, haien artean zen Nassima Akhtar.
Hastapenetan berarekin batera surf egiten neska gehiago baziren ere, denborak aurrera egin ahala garaiak ere aldatzen joan dira, eta egun Bangladeshen emakumezko surflari bakarra da. Azken urteetan surfa asko zabaldu da Bangladesheko kostaldean, gero eta gehiago dira urautsian ikus daitezkeen surflariak, baina bertako neska bakarra ausartzen da, egun oraindik, surf egiten.
Surfak indar hartu zuenean eta bertako agintariek neskek ere surf egiten zutela ohartu zirenean ez zuten begi onez ikusi. Gizonezkoek emakumeek etxean egon behar dutela baitiote. Egun ezkonduta dagoen Nassima Akhtar gazteak olatuen gainean ibiltzea maite du, ordea, eta ezer txarrik egiten ari ez den ziurtasunarekin egiten dio aurre aurka duen komunitateari. «Libre sentitzen naiz. Nor naizen eta nondik natorren, ez du axola!».
Honakoa egiazko istorioa da. Mendebaldeko komunikabideek erlijio musulmanaren gordina eta bestelako kulturen ustezko irrazionaltasuna agerian uzteko erabili ohi den ohiko erreportajeetan aurkitu dut.
Gogorrak eta ulergaitzak izanagatik ere, urruneko erlijio eta kulturak begirune handiz hartzearen aldekoa naiz. Filosofian erlatibismo kulturala deitzen duten hori defendatzen dut, ez baitut begi onez ikusten desberdinen kulturan mendebaldekook egiten dugun esku hartzea. Ulertzen ez ditugulako gaitzetsi eta gurea beti hobea den ideia pedantea arbuiatzen dut. Aiher dut gure ustezko nagusitza morala.
Filosofiako fakultatean ordea, bakarra nintzen erlatibismo kulturala defendatzen eta urruneko herrialdeetan mendebaldeko tropek egiten dituzten sarraskiak gaitzesten. Lehen eta orain, askotan, argudioetan, Nassima Akhtar Cox's Bazarreko hondartzan bezala sentitzen naiz; alegia, bakarrik.