Otelo Buthelezi hamasei urteko gazte hegoafrikarraren istorioa 1989an kokatzen da. Lamontville izeneko herrixka txiro batean bizi da, testuinguru sozialak eta politikoak ia arnasarik hartzeko betarik ematen ez duten zoko galdu batean. Ordea, surfak ate bat irekiko dio Otelori, ihes egiteko aukera zabalduko dion sarrailaren giltza bilakatuko da surf taula.
«Otelo Burning» izena du Sar Blecher hegoafrikarrak zuzendu duen film honek. Zulu hizkuntzan mintzo dira protagonistak eta azpitituluak ingelesez irakur daitezke. Durban inguruan dauden hondartzetan hartutako irudi zoragarriak eta Apartheid garaien gordina irudikatzen duten pasarteak tartekatzen dira, ia oharkabean, txanponak duen aldea bakarra balitz bezala. Eta ezin bestela izan, kontatzen den istorioa egiazkoa baita.
Mandla Modise lagunak bere amak lan egiten duen hondartzako etxera gonbidatu ditu Otelo eta Ntwe, bere hamabi urteko anaia txikia. Modise, surf taularekin itsasoratu da bere lagunei zer egiten dakien erakusteko. «Hilko da», dio Ntwe txikiak. «Orduan hori da jendeak `askatasuna' dioenean esan nahi duena?», galdetzen du Otelok.
Otelo surf egiteko jaio zen. Bai, beltzek ere surf egiten dute Hegoafrikan, ez dira Shaun Tomson eta Jordy Smith Durbaneko surflari bakarrak. Zuriak ehuneko zazpia baino ez diren leku batean ia azal beltzeko surflaririk ez izatea ez da kasualitatea.
Nelson Mandela askatu behar zuten egunean ordea, gauzak gori-gorian zeuden Otelorenean eta hautatu egin behar izan zuen, surfa, fama eta dirua, edo borroka.
Trailerrean ez da film hau nola amaitzen den azaltzen, baina benetan egiazko istorio bat bada, euskaldunok, badakigu nola amaitzen den. Zenbat ez ote dira noizbait ataka berean izan gurean? Eta ondorioz, zenbat ote dira artikulu hau ziega ilun batean irakurtzen ari diren lagunak? Doakizue olatu hoberena. Baina hori bai, jendeak askatasuna dioenean, hortaz ari da.