Orain hiru urte, gaurko egunez topatu zuten Coollongatako erregearen zerraldoa. Bihotz taupada bakar batek eraman zuen 53 urteko gorputz mehe, ahul eta zargaldua, eta horrela, azken urteetan bakerik izan ez zuen buruak atseden hartu zuen. Michael Petersonen hileta 2012ko apirilaren bostean izan zen Tweed Headseko beilatokian. Bainujantzi, elastiko arrunt eta sandaliekin atonduta esan zioten agur Australiako olatuetan urrezko lorratza marraztu zuen gizonari.
“Morning of the Earth” surf filmean hiru minutuz agertzea nahikoa izan zen mundu osoko surflarien arreta bereganatzeko. Olatu artean, piztia salbai bat zen PT. Bere olio koloreko txima luzeek sua antzezten zuten eta giharrak erlaxatuta egiten zituen bira borobilek askatasuna deskribatzen zuten. Hitz gutxiko animaliak mintzatzeko modu berri bat aurkitu zuen, baina inork ez zuen ulertzen; «normala izaten saiatzen naiz, besteak bezalakoa, baina ez dakit zer gertatzen zaidan, ez dut lortzen», zioen prentsaren aurrean hegazkinlari betaurrekoak jantzita agertzen zen surflari sufrituak.
1983ko abuztuan, sona handiko pertsekuzio baten ostean atxilotu zuten PT. Gibelean, hogei polizia-autoren sirenak lehertu beharrean, eta bera, beti bezala, kontrako norabidean zihoan, ziztu bizian, Brisbane ibaiari itzal egiten dion Story zubiko pasabidean, beste hamabost polizia-autoz osatutako barrikada batekin topo egin zuen arte.
Hiru bider jarraian irabazi zuen Petersonek asteazkenean hasiko den Bell's Beacheko txapelketa (1973-1975). Zenbait egun beranduago egin zioten azken elkarrizketako azken galderan, lortutako emaitzarekin gustura al zegoen galdetu ziotenean, Brisbango zubian atxilotu ostean epailearen aurrean esan zituen hitz berberak errepikatu zituen: «Merezi nuen».
Jenioa, drogazalea, belarjalea, ameslaria, lehiakorra, apala, harroa, txapelduna, galtzailea, galdua, sentibera, apatikoa eta eskizofreniakoa izan zen PT. Garaiz kanpo jaio eta bizi izan zen, eta lekuz kanpo ibili zen, belarri ondoan etengabe entzuten zituen bere irudimeneko ahots lagunkoiekin. Izan ere, munduko surfari onena, ez zen mundu honetakoa.