Iaz, Oreka TX taldeko txalapartariak ezagutu eta haiekin batera bazkaltzeko zortea izan nuen. Sagardoari zurrupada bat eman, bakailao puska bat ahoratu eta kontu kontari aritu ginen. Hegoafrikan zirela Munduko Surf Txapelketa batean txalaparta jotzeko gonbita nola jaso zuten kontatu zidaten.
«TX sarean» izena duen kanala daukate Youtuben eta bertan ikus daiteke aipatutako txalaparta saioa. Surf irudiak erakutsi berri dituzten pantaila handi baten azpian ageri dira bi txalapartariak. Surf taula baten azpialdean perkusio kolpeak emanez musika egiten dute, eta, horrela, ikusleriaren arreta bereganatzea lortzen dute. Ez da aipatu kanalean zintzilikatua duten bideo onena, irudi zoragarriekin egindako bideoak baitituzte, baina gutxienez bideo bitxia da. Bi makil eta irudimen pixka batekin ikuskizun ederra eskain daitekeenaren froga argia.
Zarautzen lehen aldiz Munduko Surf Txapelketa egin zuten urtean, 1988an, Perurena harri jasotzen aritu zen. Saioa amaitu zenean Tom Carrol australiarra gerturatu zitzaion eta saiakera bat egiterik ba al zeukan galdegin zion. Noski, ez zuen harria mugitu ere egin. Ikaragarrizko esfortzua egin zuen, hori bai. Harria heldu eta aurpegiko zain guztiak puztu zitzaizkion saiakeran. Harria utzita, aurpegia lehertu beharrean zuela, bere begirada Perurenari zuzendu zion eta oraindik arnasestuka bostekoa luzatu zion, mirespen keinu batean. Jarraian, Kodak kamera atera eta argazki mordoxka bat atera zituen bere jainko txiki berriaren ondoan. Harri handi batekin eta indar askorekin sekulako ikuskizuna eskain daitekeenaren beste froga bat.
Txapelketa garrantzitsu guztietan saiatzen dira antolatzaileak jendearen arreta bereganatzen eta itzelezko ikuskizunak antolatu ohi dituzte, teknologia ekipo handiekin eta artista ezagunekin. Gastatzen duten dirutzak, ordea, ez du arrakastarik bermatzen. Beraz, esandakoa, ez dago handikeriatan ibili beharrik: Perurena eta Oreka TX.