Hamazazpi urte nituela Andaluzian izan nintzen surf egiten. «Local Waves II» pelikularako irudiak hartzera joan ginen, bi kamerari eta lau surflari. Orain paradoxa bat dela pentsatzen dut; alegia, «bertako olatuak» izena zuen film bateko bigarren zatian parte hartu nuen eta horretarako Espainiako urautsietan aritu nintzen surfean. Hori, nire sentimendu abertzalea kontuan izanda, kontraesan nabarmena da.
Soldadutza egitera joateko gutuna jaso aitzin eta oraindik aurpegian nuen bilo leun hura bizar ez zela joan nintzen, liburutegi bakoitzeko ehun putetxe dauden lurralde horietara. Zortea izan genuen, ez baita oso ohikoa inguru haietan itsaski sendoak izatea.
Olatu onak hartu genituen, batez ere «Hierba buena» deitzen zuten leku batean. Eskuin olatu luze eta ederra ateratzen zen muino baten azpialdean. Azken egunean autoko kristalak hautsi eta barruan generaman guztia lapurtu ziguten, guk olatu artean surf egiten genuen bitartean. Pena handiena aurreko urtean Europako txapelketan Irlandako taldekide batekin trukatu nuen jaka beltza galtzeak eman zidan.
Itzulerako bidaia oso gogorra izan zen. Abendua izan arren, bainujantzia eta kamiseta ziztrin bat bakarrik generaman soinean, zeren lapurtu ziguten unean horrela gindoazen jantzita. Leihoa hautsita genuenez, sekulako hotza pasa behar izan genuen. Hori gutxi balitz, gidariak gauez gidatzeko arazoak zituen begietan zuen gaitz baten ondorioz; beraz, autoa gelditu behar genuen eta autoko berogailua ere itzali beharra zegoen. Halako batean iritsi ginen etxera; 45, 30, 15,...«Paren el motor y pongan las manos donde las podamos ver».
Surf film batean parte hartzeak baino gehiago erakartzen ninduen abenturak, olatu eta leku berriak ezagutzeak; beraz, Andaluziako ur haietara olatuek eraman ninduten. Hegoaldeko lurralde harekin lotzen ninduen gauza bakarra ura zen, itsasoko ura, alegia, eta gogoratzen dut «hurrengoan itsasbazterretik joango nauk» pentsatu nuela. Bidean Portugal zeharkatzearen ideiak erakartzen baininduen, eta aldiz, lehorretik joateko itsasotik hainbeste urrundu beharrak gogaitu egiten ninduen.
Zoritxarrez, ordea, euskalduna naiz, eta beraz, ez da harritzekoa egun haietan egin nuen ibilbidea bestelako arrazoiengatik birritan egin behar izatea. Ez urik, ez itsasorik, ez taularik eta ez olaturik, berrogeita bost minutuko maitasun irakaspena baino.
Hainbestetan aipatzen dudan eta aipatuko dudan Galeano handiak bikain adierazi zuen: «Jaten ematen ez duen sistemak ez du maitasunik ere eskaintzen: Asko ogi-gosera zigortzen ditu eta askoz gehiago dira, besarkada-gosera zigortzen dituenak».
Orain hogei urte urak eraman ninduen Sevillara, gaur ere urak narama. Doakie hemendik nire besarkada sentikorrena bizi ahal izateko ura baino ez dugula gogorarazten digutenei.