Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Alkohol berri on

Pasatu den astean ingeles klasean The Pogues-en “Fairytale of New York” aditu genuen, Christmasek aginduta. Letra eztabaidagarria kantatu ondotik, ikasleek galdetu zuten abeslariak zergatik zuen itxura hura. Shane MacGowan duela gutxi hil zela esan nien. «Alkoholagatik?». Arrazoi zehatza ez nekienez, «ziurrenik» lotsati bat bota nuen.

Azken egunotan denak alkoholera eramaten ninduen. Adineko bi gizonen elkarrizketa baten lekuko izan nintzen kafetegi bateko terrazan. Jai eguna zen, eta bost minutuko fribolitateen ostean, eserita zegoenak gonbidapena egin zion besteari: «Ez duzu txuri bat hartuko?»; «Ez, gainera, utzi diot edateari»; «Guztiz?, deus ez?»; «Deus ez»; «Eta zer edaten duzu, ba?»; «Aquarius»; «A, begira, oso ongi». Agurrak, eta bakoitza bere bidetik. Oso erraza iruditu zait, errazegia. Akaso izanen da onarpen hori ez dudalako hainbeste entzun nire ingurukoen artean. Egutegiari begira, aste hauek ospakizunez beteta direla badakigu, eta Mendebaldeko parte honetan festaren sinonimoa alkohola da (edo aldrebes). Ez diot konnotazio on edo txarrik jartzen, egiaztapena besterik ez dut egiten. Terrazako gizon horien solasa maiz etorri zait burura azkenaldian, bereziki «Tira, bat bakarrik!» esaten didatenean zerbitzariaren aurrean. Eguberri on zuei ere!

Recherche