Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Zer herritan bizi gara?

Duela bi aste Jordi Evole gonbidatu zuten TV3 telebista kate autonomiko katalanean, "Lo de Évole" seriearen denboraldi berria sustatzeko. Elkarrizketaren sekuentzia batek bereziki piztu zuen atentzioa (eta polemika, bidenabar): telebista publikoaren egoeraz ari zirela, Evolek TV3 «irekitze» prozesuan zegoela zioen, hainbeste denbora itxita egon ostean. Kazetariak ñabardura gehitu zuen: «Espainolizazio prozesuan», eta Evolek: «Bada arazoren bat honekin? Zer herritan bizi gara?». Bideoa aski zabaldu zen eta, irudien manipulazioaren eztabaidatik harago, interesgarria iruditu zait lurralde eta hizkuntzaren arteko lotura zuzena.

Handik ehunka kilometrotara, pasatu den astean "Ongi etorri Iruñera" zikloa abiatu zen Laba espazioan, dinamika berria etorkin eta migranteendako, euskarara hurbiltzeko. Une batean, Euskal Herria definitzeko orduan, parte hartzaile batek hartu zuen hitza azalduz euskaldunen lurra zela batez ere, zatitze politiko eta historikoaren aurrean. Nik ere horrela sentitu dut, egunkari honetan idazteko aukera eman zitzaidanean. «Zer hizkuntzatan?» galderari, «nahi duzuna» erantzuna. Ez dut oraindik gaztelaniaz idatzi –zeinen errazagoa litzatekeen–; baina, aizue, zer herritan bizi gara?

Recherche