Ekoizten dugunaren masak planetako biomasa gainditu du
Israelgo ikertzaileek eman dute berria. Gizateriak marka berri bat ezarri du: Autobideak, etxeak, telebistak, itsasontziak, tailerrak, mugikorrak... denak batera jarri eta landare, animalia, onddo, bakterio… bizidun guzti-guztiek baino gehiago pisatzen dute.
Aro geologiko batetik bestera pasatzea ez da egunero gertatzen den zerbait. Dozenaka milioi urte irauten duten prozesuak izan ohi dira. Indar geofisiko itzelek eragindakoak, direla sumendi erraldoiak, meteoritoen talkak edo kontinenteen jito eta lerrokatze berriak. Horiek espezieen suntsipen masiboak eta klima aldaketa erradikalak sorrarazi dituzte. Azken aspaldian, baina, aro berri baten sorrera ofizialki aldarrikatu eta bolo-bolo dabil: “Antropozenoa” du grazia, «gizakien aroa». Planetaren geroa zehazterainoko indar dominantea, gainartzailea, aitorpen horretatik abiatuta.
Orain arte, Antropozeno aroa Lurraren historiako gertakari ebidentea baino gehiago aurreikuspen bat zen, eta, beste aroen arteko trantsizioetan gertatutakoaren kontra, kontinenteen berrordenamenduaren, sumendien jarduera masiboaren edota masa estralurtar baten inpakturik gabe. Eta, hala ere, sintomak hor ziren: espezieen seigarren desagertze handia azkartu egin da, besteak beste.
Zientifikoki, Holozenoari, bere klima beroarekin gizakientzat hain onbera eta egonkorra izan den 11.700 urteko aroari, eskela jartzeko goizegi da, agian. Eta egia da aldekoak eta kontrakoak daudela, sinestunak eta ateoak. Garai historiko edo aro geologiko berria ote den eztabaida pil-pilean dago, koska badagoelako: garai historikoak gertakizun batekin abiatzen dira; aro geologikoak, aldiz, fosil-erregistroekin baieztatu behar dira.
Eta noiz hasi zen Antropozenoa? Suaren aurkikuntzarekin? Nekazaritzarekin? Iraultza industrialarekin? Ikatzaren edo beste erregai fosilen erabileraren hazkundearekin? Batzuentzat gizakiak landatutako landareen polena da markagailu kronologikoa. Badira ere, badirenez, Japoniaren kontra jaurtitako bi bonba nuklearren isotopo erradiaktiboak aipatzen dituztenak.
Eta zer da, hortaz? Galderari bi erantzun eman dakizkioke. Denbora bat da, kronologia bat; bai, baina harreman sozionaturalen azterketa edo kategoria esplikatibo bat ere bada.
Zifra latzen panoramika orokorra
Eztabaida hau beste maila batera eraman dute Israelgo Weizmann Institutuko ikertzaileek. Hipotesi eta sintomen literaturatik, ebidentzia berrien bila forentsearen gelara pasatu da, probak egiteko. Ahalegin erraldoi hori abiatu zutenek eman dute berria eta “Nature” aldizkariak zabaldu du albistea munduan. Gizakien ekoizpen materiala biomasa natural orokorrarekin alderatu dute eta, kuantifikatu dutenaren arabera, gizakiak sortutako masak, «masa antropogeniko» deiturikoak, planetako biomasa bizidun guztiaren pisua (1,1 bilioi tona) harrapatu du.
Etxe orratzek, azpiegiturek eta guk egindako beste objektu antropogenikoek naturan eragiten dugun inpaktuaren berri ematen digute. Israelgo ikertzaileek, “Nature” aldizkariaren bitartez, gizateriak marka berria ezarri duela jakinarazi digute, planeta nahieran gobernatzeko lasterketan mugarri bat jarriz. Ekoizten diren objektuek Lurra planetako bizidun guztien pisua gainditzen dute. Autobideak, etxeak, telebistak, itsasontziak, tailerrak, mugikorrak... denak batera jarri eta landare, animalia, onddo, bakterio… bizidun guzti-guztiek baino gehiago pisatzen dute.
Harrigarriak dira “Nature” aldizkarian argitaratutako zifrak. Munduko plastiko guztiak itsasoko eta lurreko animalia guztien bikoitza pisatzen dute. Eraikin eta azpiegitura denek, zuhaitz eta zuhaixka guztiek baino gehiago. Gainera, oso azpitik jo dute, nahita segur aski. Ikertzaile israeldarrak erabilera duten objektu antropogenikoetan eta biomasa bizian zentratu dira soilik, ez hondakinetan. Maila horretan, hondakinetan, 2013an gainditu zen marka. Oso azpitik, zeren adibidez urrezko eraztun baten masa antropogenikoa badelako eta ez delako gramo batzuetakoa; biak esan daitezke, segun eta urre gramo horiek aurkitzeko mugitu diren milaka tona lur zenbatzen diren ala ez.
Eta diotenez, behin harrapatuta, hemendik sei urtera, azken hogei urteetan bikoiztu den masa antropogenikoak biomasa bizi guztia argiki gaindituko du. Zifra latzak jarri dituzte gure begien aurrean, panoramika orokor bat; espezie bezala gure arduren aurrean biluzi gaituzte, eta iragarpena ere egin digute: bide beretik bagoaz, 2040. urterako gizakiek ekoitzitako masak 3 bilioi tona pisatuko du, egungo biomasaren pisua ia hiru bider.
Zientzia forentsearen ebidentziak
Teknika forentseekin aztertuta, zeintzuk dira Antropozenoaren frogak? Meatzaritzan, eraikuntzaren eta urbanizazio geldiezinaren ondorioz sortutako metakin antropogenikoek Oxidazio Handitik (duela 2.000 milioi urte) gaurdainoko mineral berrien zabalkunde handiena eragin dute. Azken 70 urteetan, oinarrizko aluminioaren (naturan aurkitzen ez den minerala) %98 produzitu da, eta azken 20 urteetan historia osoan produzitu denaren erdia. Fabrikatutako plastikoek planetako gizaki guztiek baino gehiago pisatzen dute, eta, hondatzeari dioten erresistentzia eta beren kimika ezagututa, aztarna fosil eta geokimiko guztiz identifikagarriak utziko dituzte.
Eta zerrenda amaigabea da: Munduko urtegietan ibaietan libre doana baino ur gehiago biltzen da. Horrek, zabortegi eta meatzaritzarekin batera, sedimentazio prozesuak zeharo aldatu ditu, eta ibai, itsaso eta glaziarren hondoetan ikusgarriak dira ebidentziak. Aztarna geokimiko berriak oso kezkagarriak dira. Hala, kutsaduraren, nekazaritza intentsiboaren eta energia kontsumoaren ondorioz azken ehun urteetan lurreko nitrogeno eta fosforo kopurua bikoiztu da. Aztarna erradiologikoak ere ez dira ahaztu behar. Saio nuklearren ondorioak nozitzen ez gara hasi oraindik. Eta munduko seinale antropogeniko orokortu eta sinkronizatuena utziko dutela diote adituek, eta, are gehiago, izotzean eta sedimentuetan datozen 100.000 urteetan identifikatu ahal izango direla.
Hor ditugu ere karbonoaren zikloa, beroketa globala, izotzaren urtzearen eta itsasoen mailaren igoeraren arteko konbinazioa. 2100. urterako planetaren tenperatura ia 4 gradu igoko dela aurreikusten da. Espezieen distribuzioan, ekosistemetan, Lurraren geokimikan, atmosferan, ozeanoetan... nonahi aurki ditzakegu Antropozenoaren ebidentziak. Eta horiek guztiak nahikoak ez balira, horra hor oraingo masa antropogenikoaren eta biomasaren pisuei buruzko azterketa hau.
Geroari bide berria
Izatez, Antropozeno izena baino, diziplina zientifiko ezberdinetako datuek erakusten dutena da garrantzitsua. Hots, natura eraldatzeko gure eragin itzela. Iraganeko ingurune batera bueltatzerik ez dugu izango, ordea. Nola egin orduan aurrera hainbeste aldatu eta petraldu dugun mundu honetan? Orain arte klima aldaketaren eta Antropozenoaren inguruko eztabaida publikoak kutsu apokaliptiko handia izan du. Espezieen desagertzea eta kostaldeko hiri handien txikizioa maiz erabili dira egoeraren larritasuna azpimarratzeko. Gutxiago hitz egiten da gure egunerokoan zer aldatu behar dugun, gure ekintzen ondorioak positiboak izan daitezen. Eta afera beste begi batzuekin ere ikus daiteke. Hots, denok bagara Antropozenoaren arduradun, inor ez da arduradun; beraz, inor ez da arduratuko. Kapitalismoaz edo desberdintasun sozialez ez du askorik esaten eta. Biak izanik Antropozenoaren parte eta oinarri.
Ba al dago alternatibarik? Ba ote B planik? Egiazki, ez. Antropozenoak espeziaren desegokitze itzela badakar, eguzkia bera ere betierekoa ez denez, gure kezken amaiera azkartuko du. Eta hala ez izatea itxarotea beste erremediorik ez dugu izango.
Elkarkidetza komunala eta globala beharko dira, berrikuntza askorekin batera, gure espeziaren eta gure ingurumenaren geroari bide berri bat eman ahal izateko. Eta, horrez gain, espezie gisa batzen gaituzten ahalmen eta kalitateen inguruko narrazio berri bat taxutu beharko da. Antropozenoaren arazoentzako soluzioak lantzeko orduan, helburu komun global baten zentzua emango digulako.