Quiberon-eko badia: harri magikoen sinfonia geologikoa
Carnac-en, Bretainiako hego-mendebaldeko kostaldean, harriak bilakaera geologikoaren lekuko hutsak baino zerbait gehiago dira; ia 3.000 monolitok Neolitotik iritsitako pentagrama irmoa osatzen dute. Gainera, Quiberoneko badia besarkatzen duen lur zati osoa arroka zaharrez zipriztinduta baitago.
Geografia arrotzean gabiltza, non ozeanoa kostaldearekin jolasean dabilen. Itsasoa ihesean dabil hondoak biluzten eta itsasontziak lehorreratzen, eta ordu batzuk geroago oraindik heze dagoen lurra urpetzen. Kostaldea tarteka ireki tarteka uzkurtu egiten da; are ezkutatu nahian dabilela dirudi, albuferaz mozorrotuz. Areatzak batean bihurgune itxietan sigi-saga dabiltza, bestean lerro luzeetan zehar barreiatzen dira, arabiar idazkera diruditen bihurgune leunetan.
Baina horretan soilik dauka Al-Arabiyah-rekin antza; izan ere, ilargi erdiko zabalguneetatik urrun gaude, oso urrun, eta galiar herrixka menderagaitzetik hurbil, oso hurbil. Kartel elebidunetan ikus ditzakegu iparraldeko uharteetatik etorritako hizkuntza zahar bateko jatorrizko toponimoak, frantsesaren bahetik igaro aurrekoak. Hain zuzen, gure begiek galestar herentziako paisaiak ikuskatzen dituzte, non oraindik bere hego-ekialdekoena den eremuan hizkera zahar zeltak bizirik dirauen, Atlantikoko penintsula honetako beste hizkuntzaren, galieraren, mugatik gertu.
Hala, Kiberen, Ar Mor-Bihan, Lokmaria-Kaer, Karnag, Gwened... Bretainiako hegoaldeko kostaldeko zati honetako bretoierako izenek beste garai batzuetara garamatzate, XIX. mendeko erromantizismoz blaituriko druiden istorioekin fantaseatzera. Bretainiak, Mantxako kanalaren hego matrailezurrak, antzinako mistizismoa darien kondaira eta lurrinak gordetzen ditu, eta harri misteriotsu lerrokatuetan galtzeak amestera gonbidatu eta hunkitu egingo gaitu, behinolako lurperatzeen barrunbeetan barneratzean.
Menhirren «armada»
Bretainia monumentu megalitiko andana duen tokia da. Hamarka daude lurralde honetan, eta askotarikoak gainera. Baina Quiberoneko badia inguruan eta bere seme gazte Morbihaneko golkoan batzen dira gehienak. Joaten garen tokira joaten garela, Neolitotik iritsitako mamu fosildu hauek ageri zaizkigu, aspaldiko garai haien lekuko ikaragaitzak. Izan ginen kultura baten espektroak dira eta memoria horrek, gure azalean ahaztua izan arren, nolabait gure inkontzientean bizirik dirau, ulertzen ez ditugun baina limurtzen gaituzten gure instintu intimoenak mugiaraziz.
Carnac-eko udalerrian iritsiko gara gure sentsazioon estasira. Duela zortzi eta lau milurteko lur lau hauetan bizi izan zirenek planetako multzo megalitiko handiena sortu zuten. Zaila da hain obra handia zenbat denboran egin zuten jakitea, baina bere lerroen eta bolumenaren magiak liluraturiko behatzaile baten ikuspuntutik, trantze espiritualaren grinaz eraikitakoak dirudite, hori baita hainbat tonako milaka harri zerumuga berde eta urdinen gainean zutunik jartzeko gai den indar bakarra.
Arkeologiak, jakituna, zuhurra, zentzuduna eta sistematikoa izanik, gure amets eroetan lasaitasuna eta ordena jarri nahi du, baina ez du guztiz lortuko. Carnaceko monumentu nagusia iruinarri edo menhir-en lerrokatzeak dira: guztira 2.793 zutarri bakartu eta irregular, metro bat eta 7 metro arteko altuerakoak, gainean zerua baino ez dutenak. Gutxi dira, kontuan izanik 10.000 baino gehiago izatera iritsi zirela. 8 kilometrotan zehar lau taldetan banatuta daude. Gehien dituena Le Ménec da, 1.099rekin, albo banatan cromlech edo harrespilak dituztela.
Mendebaldetik ekialdera, honakoak ageri dira ondoren: Kermario, tamaina handienekoak, 1.029, eta Kerlescan, 555 eta laukizuzen forman jarrita egon beharrean karratu itxuran daudenak. Hirurak lur zabalean daude, arma-ikuskatzea egiteko lerrokatutako armada bat balitz bezala. Laugarrena, txikiagoa, Petit-Ménec da, ehun soldadu dituena, zutun eta geldi. Kondairetako azalpenetako batzuetan aipatzen da jainkoak San Kornelio aita santu martiria –bertako patroia– babesteko harri bihurtu zituen erromatar legionarioak direla.
Harriak ilaretan lerrokatuta daude, ordena perfektuan. Aldibereko soinua egiten duten notak dituen pentagrama bat dirudite, sinfonia isil eta espektral bat sortuz harriaren itzal aldakorrak belar gainean proiektatuz eta eguzkiaren edo ilargiaren argiak markatzen duen erritmoan mugituz.
Carnaceko lerrokatzeak gizakiak Europan eginiko lehen egiturak dira, eta horien funtzioa ez da argitu orain artean, ez baitago adituak asetzen dituen hipotesi bakar bat ere. Ideia zentzugabeak ere agertu izan dira. Esaterako, Hans Hirmenech atlantistarenak; honek Troiako gerran hildako Atlantidako soldaduen hilobiak zirela zioen. Edo Jerome Penhouet-enak, zeinak suge erraldoi baten fosila zela baieztatzen zuen. Hipotesi zentzudunagoek oroimen funtzioa, behatoki astronomiko edo hilobi funtzioa zutela diote. Baina egiatan, gaurdaino, ez da horien erabilera argitzerik izan eta gure arbasoek oinordetzan utzitako inkognita handienetakoa dira.
«Alignement»-etatik harago
Alignement edo lerrokatze horien ondoan, badira hain ezagunak ez diren beste monumentu mota batzuk, ez hain ikusgarriak baina xarma handikoak. Manioko Erraldoia da horietako bat; 6 metrotik gorako iruinarri bakartia; Manioko Laukia gertutik zaintzen du, 37 x 7 metroko tumulua, ezohiko cromlech laukizuzena dirudiena. Hortik ez oso urrun Kercadoko tumulua aurkituko dugu, ia osorik gorde dena. 30 metroko diametroa, 5 metroko altuera eta 2 metroko iruinarria buru duela, barruko paretetan grabatu geometrikoak dituen trikuharri bat estaltzen du. Kerlescan-eko eta Kermarquer-eko trikuharriek osatzen dute taldea.
Bigarren ikur megalitikoa Locmariaquer-eko multzo harrigarria da. Izen bereko penintsulan kokatuta dago, Iparraldetik Morbihan-eko golkoa ixten duen penintsulan. Une eta helburu oso desberdinetan eraiki ziren hiru monumentuz osatuta dago. Briséko Menhir Handia K. a. V. mende erdialdekoa da eta, bere 21 metroekin eta 300 tona baino gehiagorekin, gizakiak zutik jarritako historiaurreko monolito handienetakoa da. Lurrean datza lau zatitan banatuta, baina estelen lerrokatze bateko zatia zen, agian ilargiaren zikloak kalkulatzeko erabiltzen zena. Er Grah-ko cairn-a (hilobi bat estaltzeko harrizko eraikina) K. a. V. milurteko bigarren erdiko hileta-tumulua da, duen tamaina eta bere barruan aurkituriko hileta-altzariak aintzat hartuta, botere handiko norbaiten omenez egina. Hirukotea ixten, Table des Marchand delakoa dago, galeria-dolmen handia duen tumulua, K. a. IV. milurtekoaren hasieran hilobi kolektibo gisa erabili zena.
Gavrinis uharterantz Penintsularen hegoaldean, Kerpenhir-eko lurmuturretik gertu, Pierres Plates aurkituko dugu, hondartza ondoan dagoen galeria estaliko trikuharria. Txikiagoa da baina, tumulurik ez duenez, bera eraikitzeko teknika oso ondo antzeman daiteke. Pixka bat iparralderago, baserri bati itsatsita, Le Mané-Ludeko trikuharriak bere barruan opari bat gordetzen du, hots, kaxalote baten behe-erliebea. Inguruetan hilobiak ere bisita ditzakegu, Le Mané er Hroëck, Kerlud, Er Hourel, Kecadoret, Kerdaniel eta Le Mané Ruthual-eko hilobiak, bai eta Men Bronzo eta Men Er Letionnec-eko menhir edo iruinarriak ere.
Golkoaren beste aldean, Rhuys-eko penintsulan eta Port Navaloko itsasargitik gertu, zain ditugu PetitMont-eko cairn-a eta Tumiac-eko tumulua. Baina ezin gara joan Pen Lannic-en txalupatxo bat hartu eta Gavrinis uhartera gerturatu gabe, bertako cairn bikainaz gozatzeko; K.a. 3.500 urteko hilobi izugarri bat da hori, harginek eginiko eraikin bat dirudiena. Oso ondo gorde da, eta bere galerien eta ganberen ilunantzetan erliebe bikainak ditu, sinbolismo abstraktua eta jatorrizko figuratibismoa islatzen dutenak, iraganeko garai guztien edertasuna osatzeko bilduak.