Munduko hondartzarik ederrenetakoak
Udaberriak baikortasun apur batez janzten du pandemiak sortutako egoera. Amets egiteko garaia da, eta horretarako TripAdvisor-ek urtero jakinarazten dituen sariek irudimenari hegan egiteko beta ematen dute. Hemen bildu ditugu munduko 25 hondartzarik ederrenen artean bidaiariek aipatutako dozena bat.
Ziurrenik, ez dira munduko hondartzarik ederrenak, baina bai, ordea, puntuaziorik gehien lortu dutenak antolatzaileen webgunean ehunka bidaiarik utzitako iritziak aintzat hartuta. Karibea, Brazil, Grezia, Australia... eta baita Donostiako Kontxa ere. Hamaseigarrena!
Balos Lagoon (Grezia). Beste planeta batean egotea bezalakoa omen da, alde batean aintzira bat eta bestean hondartza dituzulako. Greziako Kretako Kissamos uharteko hondartza hau 21.ena da. Zortzigarrena, Italiako Lampedusa uharteko Isola dei Conigli da, honen antz handiena duena. Oinez baino ezin da bertaraino iritsi.
Eagle Beach (Aruba). Ur lasaiak eta gardenak, arrokarik eta algarik gabeak. Zoragarria. Antilla Txikietako Aruba uhartean dagoen hondartza hau zeruertzeraino iristen dela dirudi, kilometroak baititu, eta horregatik munduko zazpigarren ederrena izendatu dute bidaiariek. Antilletan dago, era berean, zerrendako laugarrena: Grace Bay, Providenciales uhartean.
Whitehaven Beach (Australia). Australiako Whitsunday uhartean kokatutako hondar zuriz eta ur gardenez apaindutako paradisu honekmunduko hondartza onenaren izendapena lortu du aurten. Ez da erraza bertaratzea, bi orduko bidaia egin behar baita, txalupa azkar batean. Gero, han, snorkela egin daiteke koralezko uharrien artean... ez zinateke han geldituko egun batzuez? Zerrendako seigarren tokian, beste australiar bat: Turquoise Bay.
Santa Maria (Kuba). Villa Klara departamentuan, Cayo Santa Marian kokatutako hondartza zoragarri honek aurten munduko bigarren hondartza ederrenaren izendapena lortu du. Urtero milaka turista gerturatzen da bertara eta ez da harritzekoa. Zerrendako hamabigarrena ere turisten gustukoenetako bat da, Varaderoko hondartza. Karibe, beti Karibe.
Cofete (Fuerteventura). Kanarietako uharte eder honen hegoaldean dago Cofete. Kanarietako hondartza birjina ezagunenetakoa da eta uharteotako ikur turistiko adierazgarrienetarikoa. Munduko zerrendan 11. tokian gelditu da; Europako zerrendan, ordea, izendatutako 25 hondartza onenen artean bigarrena da.
Kontxa (Euskal Herria). Europako 25 hondartza onenen zerrendan laugarrena gelditu da Kontxa hondartza. Mundu mailan hamaseigarrena da eta marka ez da edonolakoa, hiriko hondartza dela aintzat hartuta. Europako beste hondartza batzuk ere aipatuko ditugu: Falésia portugaldarra (Olhs de Águan dago, Algarveko ederrena da) eta Ingalaterrako Bournemouth.
Baia do Sancho (Brasil). Fernando de Noroha-ko hondartza honek zerrendako lehen postua lortu zuen iaz. Aurten, hirugarrena. Halere, ez diguzue ukatuko ederra dela. Ia galduta dago, labar dotoreen artean, eta harrizko bideetatik jaitsita baino ezin da bertara iritsi. Brasilgo beste hondartza bat, Praia de Pipa (Baia dos Golfinhos), zerrendan hamargarrena gelditu da.
Pete Beach (Florida). Hondartza aproposa da paseatzeko. Floridako Pinellas konderrian kokatuta, harea zuriek eta ur lasai eta garbiek errelaxatzera gonbidatzen dute. Itsas maskorrak biltzen gozatzen duenak disfrutatuko du bereziki. Gainera, leku egokia da ilunabar ikusgarriaz gozatzeko. Akaso horrexegatik dago bosgarren zerrendan.
Isola dei Conigli (Sicilia). Hondar zuria, turkesa koloreko ur garbia eta itsas brisa freskoa eskaintzen du, besteak beste, Lanpedusako hodantza honek. Bidaiari batzuk bisitaleku-zerrendatik kanpo uzten dute, oinez 20 minutu behar direlako bertaratzeko, baina ezagutzen dutenek diote merezi duela, ibilaldiaren ondorengo saria ahaztezin bihurtzen omen delako. Zortzigarren azaltzen da zerrendan.
Turquoise Bay (Australia). Snorkel praktikatzeko primerako lekua da; izan ere, Australiako mendebaldeko hondartza onenen zerrendetan agertzen da beti. Akaso, bisitariari eskaintzen dizkion baldintza onuragarriez gain, surfeatzen duena edozein urtarotan hurbil daitekeelako seigarren postuan agertzen den hondartza honetara. Gainera, kokapena ere alde du: Exmouth-etik 60 kilometrotara dago.