Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Esan Ozenkik katalogo zinez plurala utzi zuen. (NAIZ)
Esan Ozenkik katalogo zinez plurala utzi zuen. (NAIZ)

30 urte musika «Ozenki» entzuten

Autogestioan oinarritutako proiektu eta zigiluak geroz eta gehiago dira gurean, baina izan zen bat guztietan aitzindaria duela 30 urte: Esan Ozenki.

Esan beharra dut 1991n ume bat nintzela, erreportaje honen testuingurua ulertzeko. Bost urte zituen ume hark, ordea, anaia zaharragoa zuen eta euskal musika berrirako interes berezia. Negu Gorriak taldearen lehen kasetea memorian iltzatuta geratu zait. Aurretik, garai hartako pirateria erabilita, ezin ahaztu EH Sukarra taldearen lehen lana.

“Gure jarrera” diskoak ireki zuen Esan Ozenkiren katalogoa 1991n. Diskoetxe berria denontzat. Ordura arte, IZ eta Oihuka ziren gerora Esan Ozenkik ateratako diskoen tankerako lan gehienak kaleratzen zituztenak. Negu Gorriaken bueltan sortu zen zigilua eta lehen pausuak Zarautzen eman zituzten. Taldekideek gertukoa zuten Anjel Valdes izan zen lehendabiziko langilea –bi urte geroago Elkar argitaletxera joan zen eta urte luzez jardun zuen bertan–.

IZ diskoetxean aritu zen aurretik Valdes eta M-ak taldean Kaki Arkarazorekin batera aritutakoa ere bazen. IZrekin atera zuen, gainera, lehen diskoa Negu Gorriak taldeak. Tartean zegoen “Bertso Hop” abestia, baina kantuaz gainera Irungo denda bat ere bazen Bertso Hop. Han saldu zituen lehen diskoak Esan Ozenkik eta haren ondoan zegoen lokal batera pasa zen 1994an diskoetxearen egoitza ere. Zarauztik Irunera.

Autogestioan oinarritutako diskoetxea zabaldu zuten, beraz. Munduan dagoeneko zabalduta zegoen DIY (Zuk zeuk egin) mugimendua eta horri jarraika hasi ziren Negu Gorriak taldekoak eta bide horretara bultzatu zituzten beste hainbat musikari ere. Hartara, lehendabiziko erreferentzia haren segidan beste asko etorri ziren, batzuk 1991n bertan.

Muguruza

Muguruzatarren bueltan zebiltzan taldeak izan ziren Esan Ozenkirekin lehen diskoak kaleratu zituztenak. Negu Gorriak taldean bertan jotzen zuen Mikel Kazalisek, Anestesia taldean ere jotzen zuen eta urte hartako uztako disko garrantzitsua izan zen Anestesiarena. Iñigo Muguruzak Delirium Tremens taldean ere jotzen zuen eta Mutrikuko taldeak Bilbon emandako zuzeneko kontzertu mitikoaren diskoa Esan Ozenkik kaleratu zuen. Bide bera hartu zuten BAP!! taldeak. Mikel Abrego Negu Gorriak taldeko bateria-jotzailearen taldeak bere hirugarren diskoa batu zuen diskoetxearen katalogora.

Segidan izen berriak gehitu ziren zerrendara. Tartean, beste bi anaia esanguratsuk ere Esan Ozenkiren aldeko apustua egin zuten: Gorosabel anaia eibartarrek beren diskoak haiekin kaleratzea erabaki zuten. Aitor Gorosabel eta konpainiak, askorentzat Su Ta Garren ibilbideko diskorik onena izan zena, “Hortzak estuturik”, Esan Ozenkirekin ateratzea erabaki zuten, aurretik “Jaiotze basatia” Zaratarekin atera ostean. Beste anaiak, Mikel Norton Gorosabelek, EH Sukarrarekin debuteko lana kaleratu zuen, 1992an. Su Ta Garrek 1999a arte jarraitu zuen Esan Ozenkin eta EH Sukarrak, berriz, diskoetxea itxi arteko lan guztiak bertan kaleratu zituen.

Urte berean, 1992an, ezagutu genuen ere 90eko hamarkadan rockaren bueltan oso erreferentzia garrantzitsua izan zen Etsaiak talde lekeitiarra. Sei urtean bost disko eta kantu nabarmenak grabatu zituzten Etsaiak-ekoek eta pisu handia izan zuten Esan Ozenkiren barruan. Urte benetan emankorrak izan ziren bizkaitarrentzat.

Talde berri askori ateak zabaldu zizkion zigiluak eta elkarren arteko lanak egin eta elkarrekintza sustatu zuen, besteak beste. Askorentzat rock musikarekin edota musika gogorrarekin lotzen den zigilua izan arren, aniztasuna zen nagusi Esan Ozenkin. Horren adibide asko jarri daitezke: Xabier Montoia, Lin Ton Taun, Selektah Kolektiboa, Les Mecaniciens, King Mafrundi, Joxe Ripiau, Anari… Rocketik edota RRV mugimendutik harago joan zen zigilua izan zen ezbairik gabe Esan Ozenki. Ausardia izan zuen, baita konplexu gutxi ere gauza berriak kaleratzeko garaian.

Esan dugun moduan, talde hasiberriak ugari izan ziren zigiluan, aipatutakoez gainera, π.L.T., Lisabö, DUT, Deabruak Teilatuetan edota Kashbad bezalako taldeak ere batu ziren. Beste batzuk, ordea, pixkanaka joan ziren proiektura txertatzen: Betagarri, Danba, Baldin Bada, Beti Mugan, Skunk edo Ruper Ordorika kasu.

Urte batzuk geroago, 1994an, nazioartera ere egin zuten salto, horretarako propio sortutako Gora Herriak markaren azpian: Wemean, Inadaptats, Nacion Reixa edota Banda Basotti taldeak sartu ziren proiektu horren baitan. Une zailak ere egokitu ziren eta elkarrekiko zuten elkartasuna erakutsi zuen Esan Ozenki osatzen zuen familiak. Kaleratutako lehen disko hartan, “Ustelkeria” izeneko kantuan, Negu Gorriak taldeak Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralari kritika egiten zion. Bada, Galindok taldeari salaketa jarri zion. Izandako afera hartan, taldeari isun potoloa jarri zioten eta Esan Ozenkin zeuden taldeek babes handia eman zieten martxan jarritako Hitz Egin kanpainaren baitan. Hala, 1995ean, makrokontzertua eskaini zuten Oiartzunen zigiluko 16 taldeek isunari aurre egiteko.

Industria erabat eraldatu aurretik itxi zituen ateak Esan Ozenkik. Ordurako Interneten aroa eta musikaren zabalkunde masiboa martxan hasita ziren. Baina Negu Gorriak taldearen betirako agurrak ekarri zuen zinez Esan Ozenkiren desagertzea. Izan ere, 2001ean, azken epaiak arrazoi eman eta gero, taldeak hiru kontzertu eskaini zituen, bi Donostiako Anoetako belodromoan eta Baionan bestea, epaiketa irabazi izana ospatzeko. “Geurea da garaipena” izenburuaren azpian egin ziren kontzertu horiek eta, garaipen harekin, 1996an desegindako Negu Gorriak taldeak betirako esan zuen agur. Itxiera emateko, ordea, bilduma bat kaleratu zuten eta bilduma hori 200. diskoa izan zen: “Independentzia 10 urtez” disko bikoitza.

Baina, nolabait ere, aurrera jarraitu zuen Esan Ozenkik, marka aldatu eta Metak diskoetxea abiatu zelako 2001ean. Aipatu moduan, Interneten aroa hasia zen eta horrek ekonomikoki bideragarritasunik ez zion eman proiektu berriari. Andres Kamio Jitu izan zen zigiluaren zuzendaria, aurretik Kortatun, Negu Gorriaken, Bertso Hopen eta Esan Ozenkin lanean aritutakoa.

Metak zigiluak aurretik zekarten bide bertsua jarraitu zuen, talde berriei aukerak ematen jarraituz eta modu independentean funtzionatuz. Ordukoak dira Kuraia, Inoren Ero Ni, Seiurte, Captain Nemo edota Zura taldeak. Zer esanik ez, aurretik Esan Ozenkirekin zebiltzan askok ere Metaken aterkiaren azpian jarraitu zuten.

Andres Kamiok egun Elkar argitaletxean egiten du lan eta Elkarrek ditu Esan Ozenkiren diskoen ustiapenerako eskubideak. Gauzak horrela, 30 urte betetzen diren honetan, “Gure jarrera” diskoaren berrargitalpena egin du zigiluak. Binilo bikoitza kaleratu dute eta 1991ko lanaz gainera, “Gora herria” maxi-singlea ere gehitu diote edizio bereziari. Atzetik etorriko dira “Hipokrisiari Stop! Bilbo 93-X-30”, “Ideia zabaldu” eta “Salam agur”, eta, modu horretara, Negu Gorriaken disko guztiak biniloan kaleratuta izango dira urtea bukatzerako.

Aipatu ere apirilean You Tube plataforman Esan Ozenkiren izenean kanal bat zabaldu zutela eta bertan hainbat material interesgarri daudela edonorentzako eskuragarri. Besteak beste, hainbat bideoklip, Etsaiaken 25. urteurreneko kontzertua eta aurretik aipatu dugun 1995eko urriaren 28ko Hitz Egin kanpainaren barruan egin zen jaialdia.

Horrez gainera, askorentzat hain bereziak izan diren bildumak ere bertan entzun daitezke: “Esan Ozenki Records 1991-1994”, “Independentzia 5 urtez”, “Gora Herriak”, “Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan”, “Factory 9” eta “Independentzia 10 urtez”. Baita diskoetxea itxi eta 10 urtera kaleratu zen “Esan Ozenki Records 1991-2011” bilduma ere.