Testua: Ane IPARRAGIRRE Argazkiak: SAI AUNG MAIN (AFP)
Ur ilunetan murgiltzen dira ererskatatzaileak.
Ur ilunetan murgiltzen dira erreskatatzaileak.
SAI AUNG MAIN (AFP)

‘Water brothers’, hondoratutako ontzien erreskatatzaileak

Yangon ibaiaren ur ilunetan murgiltzen da Than Nyunt. Jakin badaki zenbait hilabete iraungo duen misio bat hastera doala. Hondoratutako ontzi bat erreskatatzea da helburua, eta, bitxia dirudien arren, Ilargiaren indarra ere baliatuko du horretarako.

Oraingo honetan 53 metroko kargaontzi bat da itsasoaren hondoan dagoena. Altzairuzko karkasa prezio onean saldu ahalko dela uste dute. Txatar asko dago. Dena dela, lehen-lehenik kostaldera eraman behar dute. Aurpegian duen maskarak mahuka bat darama, oxigeno-bonba batekin komunikatuta dagoena; egia esan, bere salbagailua da, misioan taldekideekin izango duen komunikazio bide bakarra. Adi egon behar du, derrigorrez. Eta lankide batek tenk egiten badio, «azkar» igo beharko du. Horixe da seinalea. Seinale garrantzitsua.

Sakonera ilunetan hiru orduz egoten da. Gutxi gorabehera denbora hori behar du, itsasontziaren hondarren puntu jakin batzuetan kableak egoki eta sendo finkatzeko.

Kableak lehorrean dagoen ekipoaren ontziraino iristen dira; lehenik, gainazalean azaltzen dira eta, ondoren, itsasertzean. Hurrengo itsasgorak hondoratutako itsasontzia zenbait metro arrastatuko du.

Jarduera motela eta arriskutsua izan arren, mendekotasuna sortzen omen du. Hori dio, behintzat, Nyuntek. Urpean igeri egiten hasi zenetik –duela lau hamarkada baino gehiago–, 40 ontzi inguru erreskatatu ditu, besteak beste kargaontziak eta bidaiarien transbordadoreak. «Ontzi bat salbatu ondoren, berriro egin nahi dut», dio, irribarretsu, Manchester United-en kamiseta eta lorezaintzako eskularru pare bat jantzita.

«Dirua irabazteaz gain, hondarren egoera ezagutu nahi dut... Armadoreekin ontziaren historiari buruz hitz egitea ere gustatzen zait. Horregatik, ateratzen ditudanean, haiek adina hunkitzen naiz», esan du.

Mya Nadi (Esmeralda ibaia). Horrela deitzen da orain ateratzen ari diren ontzia. Nyunten aspaldiko laguna da, gainera, duela urte batzuk, 1981ean, erreskatatu baitzuen.  Jabeak motor berri batez hornitu eta berriro martxan jarri zuen. Alabaina, tamalez, duela zortzi urte berriro hondoratu zen.

‘Water brothers’ Than Nyunten arabera, 20 eta 30 ontzi-hondakin artean daude Yangon ibaiaren hondoan. Kolonialismo britainiarraren garaian ura itsasontziz beteta zegoen, teka eta arroza garraiatzen zituztenak eta atzerritik langileak ekartzen zituztenak.

Bigarren Mundu Gerran, Japoniaren eta indar aliatuen arteko borroka basatiek itsasontzi asko bidali zituzten ibaiaren hondora. Eta hondamendi meteorologikoek ere lagundu dute. Nargis zikloiak, adibidez, 2008. urtean Myanmarren Irrawaddy delta suntsitu zuenak, ehiza-barruti preziatu bihurtu zuen ibaia. Erakargarria bai, baina arriskutsua urperatutako ontzien hondakinak erreskatatzen dituztenentzat.

Gorputzaren inguruan metalezko kate bat duela, Nyunten lankide Thet Oo txanda hasteko prestatzen ari da. ‘Río Esmeralda’ ontziko lohia kendu behar du. Bere jarduna arriskutsua da, iluntasunean lan egin behar duelako, 25 metroko sakoneran eta korronte indartsuek astinduta.

«Nire bizitza –aitortu du– oxigeno hodiari eusten dion gizakiaren esku dago... Zerbait gertatuz gero oxigeno makinari, seinalea ematen badit bakarrik jakin dezaket». Seinalea oxigeno hodiaren tiratze bat da, buzoari ohartarazten diona berehala igo behar duela. «Ontzian asko eztabaidatu arren, ur azpian anai-arreba bezala jardun behar dugu». Ez dute besterik salbu egoteko.

Marea garabi bihurtuta Neketsua da hondakinak ibaiaren mareak erabiliz ateratzea, eta pazientzia izugarria behar da horretarako. «Ez dugu garabi astunik ontzietatik tira egiteko», azaldu du Nyuntek. «Marea 12 oinetara igotzen denean, ontzia 10 oinetara mugi daiteke, eta orduan lehorrera eraman dezakegu».

Lau hilabete baino gehiago lanean eman ondoren, ‘Rio Esmeraldaren’ eskeletoa ikusten da ur ez oso sakonetan. Erreskate prozesuaren azken fasean, pneumatikoak eta harea zakuak jartzen dituzte, mugi ez dadin.

Ondoren, beste talde bat hurbiltzen da hondarrak sopleteekin zatitzeko. Uretan daude, belaunetaraino bustita. Txatar merkatari batek metala erosi eta urtu egingo du, berrerabiltzeko. Than Nyunten taldeko urpekariek 25.000 eta 30.000 kyats bitarte irabaz ditzakete egunean (12 eta 14 dolar artean).

Myanmar osoan erreskatatu dituzte ontziak, eta ez dute lana utzi nahi. «Ez dut erretzen, ez dut edaten eta ez dut drogarik hartzen... eta luzaroan lan egin nahi dut», aitortu du Nyuntek. «Orain 58 urte ditut eta hurrengo 10etan lan egin dezaket, beti aktibo dagoen kirolari baten gisan bainago», adierazi du, azkenik, esperantza galdu gabe.