Jon Goikouria

Algarve furgonetan

Ben Pon holandarrak Volkswagen Bulli modeloarekin duela ia 70 urte martxan jarritako camper-turismoaren sukarra berpizten ari da. Algarveko kostaldea zoragarria bezain erosoa da egun batzuetan bertako hondartzak eta herrixkak furgonetarekin arakatzeko

Algarveko karabanen guneak oso aproposak dira udako gau beroak igarotzeko.
Algarveko karabanen guneak oso aproposak dira udako gau beroak igarotzeko.

Aste Santuan zein udako oporretan, Algarve paradisua da, hiriko burrunbatik alde egiteko aste pare bat igarotzeko toki ezin egokiagoa. Portugaleko hegoaldean kokatuta, hondartza zoragarriak eta herri xarmagarriak gordetzen ditu bere baitan Algarvek, natura, kultura eta gastronomia uztarturik. Guztira 155 kilometroko kostaldea dauka, eremu hauetan banatuta: ekialdeko Sotavento kostaldea, erdialdeko kostaldea, Barlovento kostaldea, Costa do Ouro eta Costa Vicentina. Opor garaian, helmuga jendetsuena dugu hegoaldekoa: iaz, datu ofizialen arabera, 454.000 lagun pasatu ziren bertatik.


Hala ere, Algarveri erakargarritasuna aspaldidanik datorkio. Duela 3.000 urte inguru, feniziarrak bertara  heldu ziren. Ondoren kartagotarrak eta, jarraian, erromatarrak. Historiak ematen dituen aldizkako migrazio horien lekuko, 711. urtean Afrikako iparraldetik arabiarrak heldu eta Algarven eman zituzten 500 urteetan komertzioaren loraldia ekarri zuten... XII. mendeko kristauen Errekonkista izenekoa iritsi arte, arabiarren ondare gehienaren desagerpena ekarri arte. Arabiarren sustraiak errotuta daude, esaterako, Algarve izenean, al-Garb al Andalus-etik  dator eta (al-Andaluseko mendebaldea).

Hainbat menderen buruan, eskualdearen goren aldia iritsi zen: garai hartan Enrike Nabigatzailea infanteak Sagresen ezarri zuelako bere nabigazio eskola eta Lagosen Afrika eta Asia esploratzeko erabili izan ziren itsasontziak eraiki zituztelako.

Gaur egun, Mallorca ingelesek eta alemanek 'hartutako' uhartea dela esan daitekeen legez, Algarve espainiarren paradisua dela esan daiteke. Iaz bertatik pasa ziren 100.000 bisitarietatik asko espainiarrak ziren; 38.400 guztira, 2019ko apirilean hartutako datuen arabera. Opor garaian ez da erraza suertatzen prezio duineko ostatua bilatzea, gehienetan Algarve jendez lepo egoten baita. Toki gutxi eta, ondorioz, garestia. Horrexegatik, azken urteotan Camper estiloko furgonetan bidaiatzeko moda berpiztu da. Aseicar Caravaningaren Industria eta Merkataritza Elkartearen arabera, 2019an guztira 8.903 camper furgoneta saldu ziren estatu espainolean, 2018an baino %19,2 gehiago.


Autokarabanen alternatiba «merkea»

Furgoneten joera honen ‘arduradun’ nagusia Ben Pon holandarra izan zen. 1947an, Volkswagen lantegira zihoala, behargin batzuk ikusi zituen lantegiko pieza batzuk garraiatzen goitik behera eraldatutako auto batean. Ideia hori garatzea bururatu zitzaion eta, zenbait saiakeraren ostean, 1951n Bulli izeneko furgoneta jaio zen, bidaiatzeko kontzeptua goitik behera aldatu zuena. Ia 70 urte geroago, furgoneten sukar hau berriro itzuli da, antza.

Autokarabanek ez bezala, camper furgonetek hiru ezaugarri berezi dauzkate: txikiagoak dira (maniobragarritasun handiagokoak eta ia edonon aparkatzeko modukoak); neurrizko kontsumoa (8,5 litro 100 kilometroko; autokarabanen kontsumoa, ordea, 10-12 litro bitartekoa izan ohi da); eta diseinu berezia daukate barrualdean (oheak, armairuak, sukaldea, dutxa, komuna… aukera amaigabeak daude furgonetaren barne banaketa egiteko).

Abenturaren hasiera

Ayamonte herritik (Huelva) sartu ondoren, lehenengo geldialdia Taviran egingo du. Herri zoragarri honek berebiziko garrantzia izan zuen Afrika iparraldeko espedizioetako garaian. Bertan ospitalea zegoen, eta gatzaz, ardoaz zein arrain sikuaz hornitzeko lekua zen. Herri honen gainbehera Afrikako espedizioak bertan behera gelditu zirenean iritsi zen, XVII. mendean. Gilão ibaiaren inguruak ez ezik, benetan merezi du alde zaharreko kaleetan barrena galtzea, eta baita gazteluaren hondakinak eta herriko dendatxoak bisitatzea ere.

Baina Taviraren altxor preziatuena hondartzak dira eta Praia O Barril-ek benetan merezi du bertaratzea. Autoa doan aparkatu daiteke bertan, eta hondartzara ordainpeko tren txiki batean joan daiteke. Ainguren hilerria eta uretan freskatu ostean Albufeirako Praia dos Arrifesera joango gara.

Errepidea hondar bidea bihurtu ostean, hondartza isolatu batean bukatuko da. Iluntzea baino lehen heltzea komeni da, denborak aurrera egin ahala furgonetak heltzen hasiko direlako. Aparkaleku arrunta baino gehiago, karabanen doako zonaldea dugu honako hau. Iluntzeak sekulakoak dira eta gauean ez dago argi kutsadurarik. Plan polita da hurrengo egunean oinez alboko Vigia hondartzara ibilaldia egitea eta, bueltan, Arrifes hondartzako tabernara hurbiltzea: doako dutxa zerbitzua eskaintzen baitu.

Mendebalderantz, eta ia 22 kilometrora, Benagil dago, gida turistikoek sutsu gomendatzen duten tokia.  Bertatik metro batzuetara Benagileko kobazuloa dago, inguruko itsaslabarraren azpian higadurak sortutako lurpeko hondartza naturala. Igeri, kayakean edo itsasontziz irits daiteke soilik, baina turismo masiboak berau bisitatzea ia ezinezko erronka bihurtu du. Benagileko inguruak ezagutzeko beste aukera zoragarri bat dago: Praia da Marinhara oinez joan pista batetik. Bost kilometroko bide hau kostaldetik egiten da, eta bereziki atsegina da arratsaldez. Praia da Marinhan karabanetako zonalde gomendagarri eta txiki bat dago, itsasoaren ikuspegi ederrarekin.

Praia da Marinhatik Portimãora ordu erdiko ibilaldia dago autoz. Portimão berez oso hiri turistikoa dugu, baina oso gomendagarria da Praia da Infanta hondartzara joatea; ez eguna igarotzeko, bertan kayaka alokatzeko baizik. 25 urteko Octavian Gavrilovicik Algarve Freedom Kayaks enpresan egiten du lan, eta 30 euroren truke (lagun bakoitzeko) hiru orduko ibilaldi esklusiboa egiten die bezeroei bertako geologo batez lagunduta, lurpeko itsas kobazuloetan barrena. Talde txikietan bisitatzen dira amildegiak eta kobazuloak, kanpotik eta barrutik, paradisuko hondartza hutsetan geldituz eta bertako flora eta fauna aztertuz.

Sagresera heltzean munduaren amaierara heldu garela ematen du. Ura eta tenperatura hoztu dira, lasaitasuna nagusi da. Bertako kostaldean hondartza liluragarriak topa daitezke eta itsaslabarretan bisiguen edo lupien bila dabiltzan arrantzaleak ikus daitezke. Herriko alde zaharrean, portutik gertu, Estrela do Mar II izeneko jatetxean Algarveko plater tipiko eta zaporetsuenak dasta daitezke prezio ezin hobean: itsaski arroza eta cataplana. Cataplanak presio eltzeen aitzindariak dira eta izena edukiontzitik bertatik datorkio: banda biren bidez lotzen diren metalezko bi ontzik osatzen duten esfera formadun metalezko kazola.

Bertan edozer prestatu daiteken arren, janari tipikoenak arrain edo itsaskiak izan ohi dira, arrozaz, patataz eta hainbat barazkirekin lagunduta. Zerbitzatzeko orduan cataplana osorik eramaten dute mahaira, eta handixek ateratzen dute platerera. Algarveko zapore adierazgarrien eztanda ahosabaian.

Bidaiari amaiera ezin hobea emateko San Bizente lurmuturra bisitatzea derrigorrezkoa da. Herritik bost kilometrora, Europa osoko hego-mendebaldeko azken lurmuturra, marinelek itsasoratzean ikusten zuten azken lur puska ezaguna.

19.00etatik aurrera, Sagresen falta zen jende guztia itsasargira hurbiltzen da iluntzea ikusteko. Ikuskizun itzela da jendea furgoneten gainean egunari agur esaten ikustea. Ondoren, auto gehienak herrira bueltan doaz, eta furgoneta asko itsaslabar ertzean lotzen dira, haize boladen soinuez inguratuta eta gauaren iluntasunean murgilduta.