Borneo, Ekialde Urruneko ametsa
Asian urpekaritza egiteko lekurik onenetakoa, harea zurizko itsasertz amaigabeak, oihan itxi eta trinkoan itzulitxo bat orangutan eta tximino artean, eta bertako herri indigenak ezagutzeko parada. Horrekin guztiarekin, Borneo benetako abentura bihurtzen da.
Mundu zabaleko hirugarren uharte handiena da Borneo, eta Malaysia, Brunei eta Indonesiaren artean dago banatuta. Uhartetzarraren ipar-ekialdea hartzen du Malaysiako Sabah estatuak. Tawaun, estatuko hirugarren hirian, lur hartu orduko, bidaiaria bete-betean murgilduko da Borneoko errealitate nonahikoan, alegia, hezetasunean, eta bidaiaren hasieratik amaierara arte itsatsita eramango du barnealdeko oihan tropikalak, munduko oihan handietako horrek, bizirauteko hain beharrezkoa duen giro umela.
Tawautik gertu dago Semporna hiria, eta hortixek ateratzen dira urpean ibiltzeko Asia osoko hoberenetakoak diren uharteetara doazen ontziak. Sipidan izenekoa da entzutetsuena, milaka bisitari erakartzen ditu urtean, baina ekosistema hauskor hori babesteko Malaysiako Gobernuak Tun Sakaran itsas parkea sortu zuen 2004an, 325 kilometro koadroko eremua, eta urpekari kopurua mugatua du, hau da, 120 lagun eguneko, horretan lan egiten duten operadoreen artean banatuta.
Erreserba aldez aurretik egin behar da, baina plazarik aurkitu ezean, beti geratuko zaigu beste leku batzuetan murgiltzeko aukera, esaterako, Kanpalain Mabul uharteko Sipadan Water Village resort-a. Ondoko orrialdean, jantzi tradizionala daraman neskato bat Sempornako Gateway Hotel Dragon-en eta turistak Gomatong leizeetan, Kinabatangan-en. edo Mabul uhartean. Hain zuzen, uharte horretan bajau laut tribukoak bizi dira; eta itsasoan ematen dute bizitza osoa, beraien etxeak ere ez dira erabat lehorrekoak, palafitoak baizik, uraren gainean jasotako eraikinak.
Leku horietako edozeinetan, kolore biziko koraletan oparoa den ur ezin gardenagoko itsasoan murgilduko da urpekaria. Bereziki nabarmentzekoa da mundu osoan bioaniztasun handieneko fauna eta flora duen lekuetako bat dela inguru hau. Pulau Sipadan, esaterako, Punt’i Piku eremua dago. Barracuda Point ere deitzen diote; izan ere, barrakudaren leku kuttunetako bat da, hainbesteraino, non milaka eta milaka alez osatutako sardak bertaratzen diren. Ura epela da eta ikusgarritasun maila 40 metrotik gorakoa. Minutu eskas batzuk aski dira parez pare ikusteko marrazoak, papagai-arrainak (scaridae), saguzar-arrainak (ogcocephalidae), hainbat dortoka mota, uharrietako arrain nano saldoa, eta konta ezin ahala koral. Cousteauren dokumental batean ere ez horrelakorik.
Sepilok, orangutanak eta oihana
Borneon, itsaspetik kanpo ere fauna ikusgarria dago. Sempornatik abiatuta, autobusez sei ordura dago Sandakan, Sepilok orangutanen errehabilitazio zentrotik gertuen dagoen herria. 1964an sortua, mundu osoan gisa honetako lau zentro baino ez daude, eta bere azalera mugatu samarrarekin –43 kilometro koadroko azalera hartzen baitu Kabiliko oihan erreserbarekin batera– txikia dela badirudi ere, santutegi horrek oso lan esanguratsua egiten du umezurtz geratu diren edo gatibutzan egon diren orangutanak beren onera ekartzen, helburu nagusitzat hartuta abere horiek beren natur ingurunera bueltatzea.
Bisitariek aukera dute oihanean zenbait ibilbide egiteko, hainbat tximino espezieren joan-etorriei eta zuhaitzik zuhaitz egiten dituzten jauziei begira. Nolanahi ere, bisitaren unerik gorena jatordua da, dela goizeko hamarretakoa, dela arratsaldeko hiruretakoa. Zuhaitzetan eskegitako oholezko nasa batzuetara gerturatzen dira orangutanak, eta zaintzaileek han utzitako platanoak eta bestelako fruituak irensten dituzte. Unerik aproposena da arretaz begiratu ahal izateko. Tximino handi hauek Borneoren eta bere oihanaren hauskortasunaren ikurrak dira, abiada ikaragarri bizian desagertzen ari baita, egur konpainiak eta palma olioa ekoizten duten enpresak oihanean beste koska bat barneratuz bertako bioaniztasuna suntsituz doazen heinean.
Miso Walai, tribuen bizimodua
Gizakiak, abereek bezalaxe, oihaneko bizi baldintzetara moldatzen jakin du; esate baterako, orang sungai tribuak, Kinabatangan ibaiaren ertzean bizi den herri indigenak. Kinabatangan Malaysiako bigarren ibairik handiena da, 560 kilometroko luzera du. Miso Walai izeneko garapen jasangarriko programaren bidez, bidaiariak aukera du sungai komunitatea bertatik bertara ezagutzeko eta beraien herrixketan ostatu hartzeko. Ekimen horretan ia herri osoak parte hartzen du: Sandakanen jasotzen dute bisitaria, herrira eramaten dute, eta erabat etxekotzen dute, beraiekin batera jateko eta lo egiteko aukera emanez, eta beraien eguneroko zereginak erakusteaz gainera, inguruko habitata ere ezagutzera ematen diote.
Herrixkarako bidean, geldialdi bat egiten dute Agop Batu Tulug haitzuloetan. Etengabe jira-biraka dabiltzan dozenaka saguzarren babesean, duela 250 urte baino gehiagoko ehunka hilkutxa daude. Egurrean landuak daude kutxok, sungai herriaren mitoak irudikatzen dituzten figurekin, hala nola bufaloak, muskerrak, sugeak edo krokodiloak, alegia, heriotzarekin lotzen dituzten izakiekin; baina, era berean, bestelako irudi batzuk ere badaude, bugang txoria, txakurrak, oilarrak eta beleak, beren kondairetako heroien adiskide ziren izakiak.
Eguerdi partean, Mengarisera iristeko garaia da; hortxe hartzen dute ostatu bisitariek. Harrera egingo dien familiarekin bazkaltzen dute bertako estilo tradizionalean; hau da, lurrean eserita eta eskuinarekin ahoratuz jakiak. Bazkari oparoaren ostean, sungai herriko gida iaioen gidaritzapean, txalupa batean Kinabatangan ibaiaren zati batean zehar nabigatzera abiatzen dira.
Txango hori aukera-aukerakoa da oihaneko hegaztiak bistaratzeko, eta, batez ere, abere bitxi bat ikusi ahal izateko: Borneon eta ez beste inon aurkitzen ez den tximino sudurluzea. Oso itxura xelebrea dauka tximino honek, halako sudur luzearekin eta sabelalde puztuarekin, zera dirudiela animaliaren eta pertsonaren arteko nahasketa, pelutxearen eta pailazoaren artean. Malaysiarrek «orang belanda» deitzen diote; alegia, malaysieraz, «holandar» esan nahi duten hitzekin, sudur eta sabel horiengatik kolonizatzaile haien antza hartuta. Desagertzeko zorian badaude ere, ez da zaila bistaratzea, eta ibaian ontziz doanak berarengandik metro gutxira ikusiko ditu ibaiertzean zuhaitz batetik bestera jauzika.
Behin herrixkara itzulita, egunari amaiera emateko, dantza herrikoiak egiten dituzte, bertako jantzi tradizionalak soinean dituztela, eta bisitariak iraganera bidaia moduko bat egingo du, Borneoko oihanaren bihotzean hainbat tribu bizi ziren garaiak irudikatuz.
Kinabalu, mendia eta parkea
Kinabalu mendiaren oinetara iristen da oihana. Sabah eskualdeko iparraldean dagoen 4.095 metroko tontor hau igotzeko aukera izate hutsa aski arrazoi bada batzuentzat halako bidaia bati ekiteko. Borneoko mendirik altuena da, baina baita Malaysia osokoa ere. Gailurra eta bere hegalak babestuta daude 1964. urtetik, Kinabalu parke nazionalarekin, eta 2000. urtean gizadiaren ondare izendatu zuen Unescok. 754 kilometro koadroko azalerarekin, planeta osoko eremu biologiko oparoenetako bat da. Bertan, behe lurretako eremu tropikalak, euri-oihan tropikalak, euri-oihan tropikal menditarrak, baso subalpetarrak eta mendiko belardi eta sastrakadiak agertzen dira, eta denen artean 6.000 landare desberdin baino gehiagoren bizilekua eratzen dute.
Nabarmentzeko da horien artean 700 orkidea mota daudela, eta mundu osoan ezagutzen denik eta lorerik handiena, rafflesia izenekoa, sortzen den leku bakanetako bat dela. Low’s Peak gailurra da mendiguneko tontor garaiena, eta hara iristeko pare bat eguneko ibilaldia egin behar da, nahiz eta urrian egin ohi den nazioarteko mendi lasterketan korrikalariek apenas behar dituzten bost ordu igoera eta jaitsiera egiteko. Eremua makina bat ibilbidek zeharkatzen dute, denak ondo markatuak eta beren zailtasunaren arabera sailkatuak. Beharbada, Liwagu Trail izenekoa da natura bere purutasunik handienean disfrutatzeko ibilbide interesgarrienetako bat; izan ere, paraje eta ikuspegi ederrak eskaintzen ditu, maila ertaineko esfortzuaren truke.
Kota Kinabalu, Sabahko hiriburua
Kota Kinabalu, edo KK, Sabahko hiriburua da, izen bereko mendigunetik 88 kilometrora. Estatuko hiririk handiena da, eta bidaiariarentzat base ezin hobea da bai parke nazionala eta mendia ezagutzeko, bai itsasertzaz disfrutatzeko. Izan ere, Tunku Abdul Rahman itsas parkeko harea zuri-zuriko hondartza liluragarriak hiriburutik 8 kilometro eskasera daude.
Bost uharte txikik osatzen dute parkea: Manukan, Mamutik, Sapi, Gaya eta Sulug. Sakonera txikiko urak dituzte denek, baita egundoko koral lorategiak eta hondar garbi-garbiko zerrenda luzeak ere. Pulau Gaya da uharterik handiena, eta bertara iristeko aukera ona da Jesselton Point-era jo, Kota Kinabaluko portu nagusira, eta han itsasoratzea, txalupa azkar batean ordu erdi eskasera iristeko moduan.
Mamutik da uharterik txikiena, azpiegitura gutxien dituena, eta hein horretan, bakartiena ere bai, baina beharbada horixe da Robinson Crusoeren pareko sentitzeko lekurik aproposena, deskubritzeko dugun uharte handi baten atarian dagoen naufragoak bagina bezala.