NAIZ

Hiru euskal garatzailek euskarazko bozgorailu adimendunaren proiektua martxan ipini dute

Elhuyarrek, Skurak eta Talaiosek euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den bozgorailu bat garatu dute: Mycroft.eus. Proiektua "European Language Grid" laguntza-deialdira aurkeztutako 110 proiektuetatik hautatua izan da, Frantziar eta Espainiar estatuetako eremu administratiboan bakarra.

Beñat Irasuegi (Talaios), Jaione Martínez (Skura) eta Igor Leturia (Elhuyar), proiektuaren aurkezpenean. (Elhuyar)
Beñat Irasuegi (Talaios), Jaione Martínez (Skura) eta Igor Leturia (Elhuyar), proiektuaren aurkezpenean. (Elhuyar)

Elhuyarrek, Skurak eta Talaiosek Elhuyarren hizketaren ezagutza eta sintesia sistemak egokituko dituzte euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den bozgorailu adimendun bat garatzeko, Mycroft.eus izenekoa.

Horretarako, "Mycroft AI" software libreko gailua egokitu dute, Elhuyarren bi sistema hobetuz eta integratuz: hizketaren ezagutza eta sintesia, biak ala biak adimen artifizialean eta "Deep Learning" deritzon teknologia oinarri hartuta garatu direnak. 

«Euskara eremu digitalean sendo egon dadin, beharrezkoak dira hainbat eragileren jakintza, ezagutza eta elkarlana. Egitasmo honek horixe du xedea, punta-puntako teknologia garatzeko norabide berean ariko diren erakundeen indarrak metatzea, administrazioaren babes eta laguntzarekin», azaldu dute garatzaileek ohar batean.

Proiektu honek izaera esperimentala duen arren, ikerketa eta garapeneko prozesuaren amaieran, urtebete barru, euskarazko bozgorailu adimendun guztiz funtzional bat izatea aurreikusten da. Bozgorailu berria asmo handiko proiektu bat da: erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko du eta genero-ikuspegi egokia izango du txertatuta.

Horrez gain, Elhuyarren ahotsaren ezagutza eta sintesia bozgorailuen domeinura egokituko da, eta tokiko gaitasunak garatuko dira, euskarazko bozgorailuak Euskal Herriko albisteak, musika eta erosketak lehenetsi ditzan.

Urtebete iraungo duen proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babesa jaso du, baita Lakuak enpresen I+Ga bultzatzeko duen Hazitek programaren laguntza ere. Errenteriako Udalak Torrekua eraikina utziko du proiektua bertan garatu ahal izateko.

Proiektuaren garrantzia neurtzeko, adierazgarria da Europan jaso duen babesa eta laguntza. European Language Grid Europako laguntza-deialdira aurkeztutako Europa osoko 110 proiektuen artean, hautatutako hamarretako bat izan da Mycroft.eus, Frantziar eta Espainiar estatuetako eremu administratiboan bakarra.

MetaForum kongresua

European Language Gridek, ELGk, MetaForum kongresua antolatuko du abenduaren 1etik 3ra. 2020ko edizioa birtuala izango da, eta, bertan, poster-saio bat egingo da, ELGk hautatu eta diruz lagundu dituen proiektuak hizkuntza-teknologien komunitateari aurkezteko.

Mycroft.eus proiektua izango da horietako bat. Aurtengo MetaForum kongresuan parte hartzen dutenek, beraz, aukera izango dute euskarazko bozgorailu adimendunaren zehaztasunak ezagutzeko.