NAIZ

Iker Laurobak bere bakarkako ibilbidearen errepasoa egin du estudioko hiru zuzenekorekin

Beste Urtaroak taldearekin batera, bere bakarkako ibilbidea islatzen dituen hiru abestiren bideoak kaleratu ditu Iker Laurobak.

Ia 6 urte igaro dira Iker Laurobak bere bakarkako ibilbidea hasi zuenetik eta, harrezkero, bost disko kaleratu ditu eta bide berri bati ekin dio Beste Urtaroak taldearekin. Bertan, Leire Berasaluze, Urbil Artola, Olaia Inziarte, Maria Soriazu eta Andoni Etxebesterekin batera dabil.

Hain zuzen ere, haiekin batera aurkeztu ditu orain bere bakarkako ibilbidearen etapak islatzen dituzten bideoak. Ohi duen gisara, lagunez inguratuta plazaratu ditu lan hauek Laurobak.

2018an abiatu zuen Urtaroen proiektua, ‘Udazkena’ diskoarekin. ‘Negua’ iritsi zen iaz, letra ilunagoak eta musika hotzagoa landuz, eta ‘Udaberria’ aurkeztu du abenduan. Aurreko bi lanetan baino doinu alaiagoak ondu ditu entzulearentzat. Baina, ez du faltan bere-bere duen malenkonia kutsu hori ere.

Orain, hiru dira Kutxa Kulturen eskutik Lezoti estudioan giro intimoan grabatutako zuzeneko bideoklipak eta kronologikoki argitaratu dira Iker Laurobaren sare sozialetan aste honetan. Lehena, astelehenean, atzo bigarrena eta gaur bertan azkena.

Azken hau, ‘Udazkena’, ‘Negua’, ‘Udaberria’ eta 2021. urtean argitaratuko den ‘Uda’ diskoek osatzen duten lau urtaroei eskainitako bildumari dagokio. Hain zuzen ere, datorren urtarrilaren 20an hasiko da bere azkeneko albumari (Udaberria) dagokion aurkezpen bira, Donostiako Doka Kafe Antzokian eskainiko duten kontzertuarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude aretoaren webgunean.